Banner en desktop Banner en moviles
FP Zornotza
UNI Eibar Ermua
Iurreta LHI
Maristak Durango

Durangoko Goienkaletik fikziozko Goenkalera

Durangoko Goienkaletik fikziozko Goenkalera

Belaunaldi ezberdinetako hainbat zale bereganatu ditu ETB-1eko Goenkale telesailak. 21 urtez Euskal Herriko pantailetan egon ondoren, Pausokak sortutako ekoizpenak agur esango du betirako datorren abenduan. Estatu espainiarrean urte gehien daraman telesaila da eta marka berria 3.700 kapitulutik gora jarriko du. Urte hauetan 600 antzezle baino gehiago agertu dira bertan eta horietako hainbat sarritan Durangoko Goienkalen dabiltzanak.
 
Telesailak agur esan orduko, Karrika antzerki taldeko kidea den Alizia Otxoa agertuko da azken kapituluetan. Lehenagoko denboraldietan parte hartu dute ere 14 urtez ‘ertzaina’ bezala karakterizatuta agertzen zen Felix Arkarazo edo Goenkale hasi zen urte berean jaiotako Usue Martínez.
 
Inor gutxik espero zezakeen 21 denboraldi beteko zukeenik Arraldeko Lasa familiarekin hasitako telesaila gorabeheratsuak. Baina tinko izan da ETB-1en; urteak joan urteak etorri zaleak bereganatu eta galdu ditu, eta hasieran protagonista zen Lasa sendiari beste zenbait familia eta pertsonaiak eman diote erreleboa.

Arrakastaren arrazoia zein den azaltzerakoan hainbat aburu dituzte bertan agertu diren antzezleek. Azken kapituluetan protagonista izango den Joelle Etxegarai pertsonaia jokatzen duen Alizia Otxoarentzat, “euskaraz egindako sasi-kulebroia telebistan ikustean” dago gakoa.

Joelle Etxegarai (Alizia Otxoa): “Hainbat urtetan kanpoan bizi ondoren sorterrira bueltatzen da, baina pertsonaiak sekretu bat dauka…”. Joelle pertsonaiak telesailaren amaiera arte iraungo du eta Otxoak ezin du azalpen gehiagorik eman.

Andoni Murua ertzaina gorpuztu duen Felix Arkarazorentzat berriz, “egunerokotasunari lotutako tramak” eta “erabilitako euskara zein formatu hurbilak” egin zuten ikusleentzat erakargarri. Bere ustez, gainera, “Goenkale aitzindari izan zen euskararen erabilera gertuago baten aldeko ahaleginean”.

Telesailean antzezteko abagunea ‘gozoki’ bat izan da euskal antzezleentzat eta horrek eskainitako aukeraz baliatu nahi zuten Martínezek eta Otxoak. Karrika taldean sasoi desberdinetan ibilitako antzezle biak, gertuko lagunak animatu zituzten curriculuma bidaltzera. Koralinaren papera egin zuen durangarraren kasuan, bere ilusioak eta kemenak Iban Gorritik emandako animo eta laguntzarekin bat egin zuten.

Andoni Murua (Felix Arkarazo): Arraldeko Ertzain-etxeko nagusia izan zen. 14 urtetan egin zuen papera. Gidoigileen erabakiz, bere pertsonaia narkotrafikatzaile batzuen atentatu baten ondoren desagertzen da.

Otxoak berriz, hainbat aldiz bidali zuen curriculuma eta hainbat kapitulutan agertu zen figurante moduan. Hala ere “azken boladan ez zidaten deitzen eta ia etsita nengoen. Baina Eneko Sagardoyk animatu ninduen berriro eta berak eraman zuen curriculuma Miramonera”.

Guztiz ezberdina izan zen Arkarazoren kasua. “Bikoizketa lanak egiten nituen eta 1996ko irailean Goenkaleren zuzendaria zen Joseba Gardeazabal etorri zen gure estudioetara. Berak gonbidatu ninduen proba bat egitera. Joan nintzen eta onartu ondoren, batez beste, 14 urtez egin nuen Andoniren papera”.

Ezustekoak nonahi

Horrenbesteko denbora iraun duen telesailak hainbat pasadizo eragin ditu. Sarritan entzun bada Kontxu Odriozola aktoreari jendeak errieta egiten ziola kalean, berak gorpuzten zuen Maria Luisa pertsonaiaren gaiztakeriaren ondorioz, ez da xelebrekeriak jasan dituen bakarra. Hainbat astakeria entzun behar izan zituzten Arkarazok eta Martínezek. Lehenak ‘ertzaina’ izateagatik eta bigarrenak bere pertsonaiak haurra adopzioan eman behar zuelako, “baita komentarioak jaso nire Facebookean ere”.

Hala ere une goxoak nagusi izan dira eta horren eredu da Martínezi gertatutakoa. “Trenean zihoan emakume batek arreta niregan jarrita zuela konturatu nintzen. Halako baten Koralina ote nintzen galdetu zidan. Ahotsagatik ezagutu ninduela esan zidan, bera itsua zelako”.

Koralina (Usue Martínez): “Pertsonaia nire izaeratik guztiz aldentzen zen. ‘Txoni’ bat zen”. Koralina nerabe Kolonbiarra zen eta familiak Euskal Herrira bidali zuen bere mutil-laguna zen narkotrafikatzailearengandik urruntzeko. Baina Koralina haurdun zetorren eta hemen ezagutu zuen Gariri leporatu zion umearen aitatasuna.

Arkarazori berriz, estudiotik kanpoko grabaketak egiterakoan, “behin baino sarriagotan, benetako Ertzainak gerturatu eta eurek ez zirenez konturatzen gu gezurretakoak ginenik, han ibiltzen ginen konbertsazioan…”.

Bi hamarkadatan agertu diren antzezle gehienek aitortu dute Goenkale “benetako interpretazio eskola” izan dela. Baita Martínezek, Otxoak eta Arkarazok ere. Azken honen iritziz, bertan lortutako esperientzia “intentsiboa eta guztiz aberasgarria” izan da eta “gaur egun Madrilen egiten diren castingetan errespetu gehiagoz hartzen dituzte bertan ibilitako aktoreak”.

Telesailak eskaintzen zion aukera aprobetxatu eta bertan lan egitetik asko ikasi duela aitortzen du Martínezek. Haur Hezkuntza ikasketak amaitu ondoren ez du galdu oraindik ikasteko erraztasuna baina, hala ere, “oso zaila egiten zitzaidan esaldiak hitzez-hitz esatea”. Horregatik aktore prestakuntzari jarraipena ematen ari da Barakaldon dagoen Bizkaiko Antzerki Ikastegian interpretazio ikasketak eginez. Gainera, Alex Garciarekin batera osatzen duen ‘En clave de dos’ musika taldearen agerraldiak eta berak ematen dituen gitarra klaseekin tartekatuko ditu.

Dramatikoak ETBn
 
Otxoak eta Arkarazok beraien lanbideekin jarraituko dute, betiere antzerkian, telebistan edo zinean sortzen diren antzezteko aukerekin uztartuta. Garesen jaiotako antzezleak argi eta garbi aitortzen du “oso denbora laburrean izan dut interpretaziotik bizitzeko aukera”. Historia irakaslea da lanbidez, baina “interpretazioa hobbya dela esaten didatenean haserretu egiten naiz; niretzat afizioa baino askoz gehiago delako”.

Bilbon bizi den Arkarazok berriz bikoizketa lanari eutsiko dio eta antzezteko sortzen diren aukerak bere lanbidearekin eta Athleticen partidetan San Mames futbol zelaiko esatari lanekin uztartu beharko ditu.

Miramongo estudioetan otsailaren 9an grabatutako azken saioa abenduan emango du ETBk. Dirudienez, fikziozko beste telesail batzuei eta proiektu berriei bultzada ematea da. Hala espero dute Arkarazok, Martínezek eta Otxoak, beraien esanetan abenduan desagertuko den telesaila “benetako harrobia izan delako euskal aktoreentzat” eta bertatik sortutako lehengaia primerakoa delako. Etorkizunari begira, itxaropen puntu bat dakarkie interpretazioan murgilduta jarraitu nahi duen hirukoteari.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados