Miren Amurizak Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekorako txartela lortu du

Mungiako Olalde Aretoan kantatu zuten zapatuan Miren Amuriza eta Aitor Bizkarra.
Mungiako Olalde Aretoan kantatu zuten zapatuan Miren Amuriza eta Aitor Bizkarra.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoetarako txartela lortu du Miren Amuriza bertsolari berriztarrak, lehiaketa honetako udagoieneko faseko lehenengo kanporaketa irabazi eta gero. Mungian jokatutako lehen norgehiagokan Aitor Bizkarra abadiñarra eta Garikoitz Sarriugarte zaldibartarrak ere kantatu zuten, bigarren eta laugarren sailkatuz, hurrenez hurren.

Larrabetzun abenduaren 3an jokatuko den lehen finalaurrekoan kantatuko du Miren Amurizak, zapatuan Mungiako Olalde aretoko kanporaketan goitik behera nagusitu eta gero. Berriztarrak, bost eginbeharretatik lautan (Zortziko handian, Puntu erantzunak, Hamareko txikian eta Kartzelan), puntu gehien lortu zituen partaidea izan zen. Zortziko txikian berriz, Aitor Bizkarra izan zen onena.

Amurizak 531 puntu lortu zituen guztira eta bigarrena izan zen Bizkarrak 474,5 puntu eskuratu zituen. Hirugarren eta laugarren sailkatuak Imanol Uria (446) eta Garikoitz Sarriugarte zaldibartarra (440) izan ziren. Bostgarren eta seigarren Aissa Intxausti (422,5) eta  Mikel Retolaza (414,5) izan ziren.

Saioko gai emailea Amaia Ugalde izan zen eta epaimahai lanetan Alaitz Etxanobe, Ander Txakartegi, Iñaki Aurrekoetxea, Jon Jaio, Leire Etxebarria eta Miriam Juaristi aritu ziren. Idazkariak berriz Itziar Basterretxea eta Itxaro Juaristi izan ziren.

‘Abarkas’ eta Ugartetxea

Udagoieneko faseko bigarren eta hirugarren kanporaketak jokatuko dira datorren asteburuan eta bietan egongo da Durangaldeko ordezkaritza. Lehen saioa zapatuan (17.30ean) izango da Sestaoko Musika Eskolako aretoan eta bertan Eneko Abasolo ‘Abarkas’ iurretarrak kantatuko du. Berarekin batera Arrate Illaro, Asier Galarza, Inazio Vidal, Josu Landeta eta Peru Vidal lehiatuko dira.

Domekan (17.30ean) Igorreko Lasarte Aretoan jokatuko den hirugarren kanporaketan, finalaurrekoetarako txartela lortzen ahaleginduko da Beñat Ugartetxea zornotzarra. Bere helburua lortzeko mendean hartu beharko ditu Arkaitz Zipitria, Iñaki Iturriotz, Julen Erezuma, Malen Amenabar eta Paule Ixiar Loizaga.

Kanporaketa faseko gainontzeko bi saioak Leioan, urriaren 29an, eta Zaldibarren, azaroaren 5ean, jokatuko dira eta bietan egongo dira Durangaldeko ordezkariak. Leioan, Txaber Altube abadiñarra izango da agertokian eta Zaldibarren Beñat Romerok kantatuko du.

Udagoieneko kanporaketa fasean parte hartuko duten 30 bertsolarien artean Durangaldeko zazpi bertsolari izango dira. Hauetatik lauk, Aitor Bizkarra, Garikoitza Sarriugarte, Txaber Altube eta Beñat Romerok, udaberriko fasean bildutako puntuei esker lortu zuten udagoieneko faserako txartela. Beste hirurak, Miren Amuriza, Eneko Abasolo ‘Abarkas’ eta Beñat Ugartetxea, Bizkaiko txapelketaren finalean inoiz kantatu dutelako lortu zuten txartela.

Aurreikusitako bost kanporaketen ondoren, hiru finalaurreko jokatuko dira, azaroan eta abenduan zehar Markina-Xemein, Basaurin eta Larrabetzun, eta saioetan 18 bertsolari izango dira. Kanporaketa bakoitzeko irabazleak finalaurrekoetan egoteko eskubidea izango du eta gainontzeko partaideak lortutako puntuazioaren arabera erabakiko dira.

Bilboko Miribilla auzoko Bilbao Arenan abenduaren 17an jokatuko den finalerako txartela, hiru finalaurrekoetako irabazleak eta hiru saio horietan puntu gehin eskuratutako beste bost bertsolariak lortuko dute.

Durangon Whatsapp
1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (1 votos, media: 5,00 sobre 5)
Cargando…

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios. Más información

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar