Zaldibarren euskara praktikatzeko aukera eskaintzen duen Berbalagun ekimenak, izena emateko epea zabalik mantentzen du programa horretan parte hartu nahi duten herritarrentzat. Egitasmo hau, batez ere, “euskaraz aritu nahi” baina “inguruan horretarako lagunik ez dutenei” zuzenduta dago.
“Zenbaitek, euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko aukerarik ez dute, eta guztiek Mintzapraktikan aurkitzen dute euskaraz lagun artean aritzeko aukera”, Zaldibarko Berbalagun taldea dinamizatzen duen Nerea Legaristiren esanetan.
Ekimen honek talde txikietan euskaraz hitz egiteko aukera ematen du. Bertan, bidelariak (euskaraz ikasten ari direnak edo ohitura berreskuratu nahi dutenak hizkuntza praktikatuz) eta bidelagunek (euskara aise erabiltzen dutenak eta ikasten ari direnei euskaraz praktikatzen laguntzeko borondatez izen ematen duten euskaltzaleak) parte hartzen dute.
“Asko dira Mintzapraktikan hasi eta gaur egun beraien lagunekin, familiakoekin, lankideekin euskaraz arintzen direnak. Badaude baita euskaltzale asko beraien herrietan euskaraz aritzeko espazioak eta aukerak zabaltzen laguntzen ari direnak, Mintzapraktikan parte hartuz egiten dute horretan”, Legarestiren arabera.
Dagoeneko hiru talde sortu dira. Talde bat goizez biltzen da, martitzenetan 9:30etan, eta beste biak arratsaldez, bata eguaztenetan 18:15etan eta bestea eguenetan 16:15etan. Astean behin ordu betez biltzeaz gain, ekintza osagarriak ere egiten dituzte.
Aurten, guraso eta haurrei zuzendutako ekintza osagarri bakarra egin dute, mahai jolasekin aritzea, baina aurreko ikasturteetan mendi irteerak, pintxopotea edo antzerki tailerrean parte hartzeko aukera izan zuten.
Izen ematea labur.eus/zaldibarkoberbalaguna weborrian, zaldibarkoberbalaguna@gmail.com helbide elektronikoan edo 688722989 telefonoan egin daiteke.
Izen ematea indartzeko asmoz, azaroaren 27an, Zaldibarren ospatuko den neguko azokan, sari ezberdinak banatuko dituen Mintza Tonbola egingo dute.