Aitor Bizkarra bertsolaria 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoaren bigarren fasean egongo da. Lehen saioa Amurrioko Bañueta kiroldegia izango da datorren zapatuan, arratsaldeko 17.00etan hasita, eta bertan lehiatuko da abadiñarra.
Bizkarrak Durangon jokatu zen finalaurrekoetako lehen itzuliko azken saioan kantatu zuen eta bertan 677,5 puntu batu zituen. Saioko irabazlea Aitor Mendiluze izan zen 726,5 punturekin. Gainerako parte-hartzaileak Beñat Gaztelumendi (716,5 puntu), Julio Soto (686), Saioa Alkaiza (662) eta Eñaut Martikorena (636,5) izan ziren.
Saioan laugarren sailkatu zen bertsolari abadiñarra, baina lehen fasean jokatutako lau finalerdien ondoren, bederatzigarren postuan dago behin behineko sailkapenean. Gainera, Durangon lortutako puntuak Amurrion lortuko dituenarekin batuko dira eta Iruñeko finalean egoteko derrigorrez sailkatu behar da zazpi onenen artea, zortzigarren tokia egungo txapelduna den Maialen Lujanbiori dagokiolako.
Amurrioko saioan kantatuko duten beste bost bertsolariak Agin Laburu, Alaia Martin, Miren Artetxe, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita izango dira. Beste bi finalaurrekoak Baionan eta Bilbon izango dira, azaroaren 26an eta abenduaren 3an hurrenez hurren. Finala Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da abenduaren 18an.
Durangaldeko gazteak, aurrera
Bestalde, Durangaldeko bertsolari gazteak hurrengo sailkapen-saiorako sailkatu dira, Bilboko Urretxindorra ikastola jokatutako kanporaketan Busturialdeko taldea gainditu ondoren.
Beraz, Durangaldeko taldea azaroaren 23an Barakaldoko Hizkuntza Eskolan jokatuko den bigarren finalaurrekorako txartela lortu du, eta bertan Uribe Butroe eta Enkarterri/Ezkerraldeko taldeen arteko kanporaketa irabazten duen taldearekin lehiatuko da. Bertsolari Gazteen XXX. BBK sariketaren finala abenduaren 1ean jokatuko da Bilboko BBK Salan.
Eskualdeko seikotea, 18 urte arteko Maddi Aurtenetxek, Kelmene Abaituak eta Ixone Asategik, eta 19 eta 24 urte bitarteko Irune Basagoitik, Ander Elorriagak eta Igor Galarzak osatu dute.