Banner en desktop Banner en moviles
Maristak Durango
Mañariko Udala
Amorebieta-Etxanoko Udala
San Agustin Durango

“Urteko 365 egunak izan behar dira Euskararen Eguna”

“Urteko 365 egunak izan behar dira Euskararen Eguna”

1949 Eusko Ikaskuntzak sortu eta 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak instituzionalizatutako Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur. Euskal Herrian Euskarazek (EHE) ez du ospakizun berezirik egingo, erakunde horrek urte osoan egiten duelako hizkuntzaren aldeko aldarrikapena.

Hala ere, Koldo Zarate Bizkaiko EHEko koordinatzailearentzat utopikoa den gizarte elebidunera heldu arte lan asko dago egiteko. “Elebitasuna ez da erreala” eta gaur egun “hizkuntza hegemonikoa” gaztelania denez, “euskarari eman behar zaio lehentasuna euskara delako zapalduta dagoen hizkuntza”.

-Nola ospatuko du Euskal Herrian Euskarazek Euskararen Nazioarteko Eguna?

-Euskararen Nazioarteko Egunak bere historia dauka baina nik, egia esan, ez diet garrantzi gehiegirik ematen ospakizunei. Egia da testuinguruan baliatzen dugula, baina guretzat, euskaraz bizi nahi dugun herri batentzat, egunero da Euskararen Eguna. Hizkuntzaren alde lan egiten duten elkarteak ‘Euskaraz 365 egun’en aldeko mezua bultzatzen ari dira eta guk hori zabaltzeko lana egiten dugu. Guk, aurten, ‘Zaindu maite duzun hori’ kanpainari ekingo diogu eta berorren ardatza Askapenarekin elkarlanean egin eta sare sozialetan zabalduko den bideo bat izango da. Bertan, euskaraz dakiten pertsonak esaldi bat esango dute munduko toki desberdinetatik.

-EHE orain dela 35 urte sortu zen Durangon. Sortu zenean “Euskal Herri euskalduna erdiestea” zen helburu nagusia. Mantentzen da jomuga hori?

-Hori da helmuga. Horretarako sortu zen baina horren bidean pauso asko eman dira.

-Gainditu da garai hartan salatzen zenuten zapalkuntza?

-Gaur egun, EHE sortzeko egon ziren arrazoi berdinak daude. Horrek ez du esan nahi aurrerera pausorik ez denik eman. Argi dago, ezagutza mailan, gero eta jende gehiagok dakiela baina erabilerak ez du aurrera egiten. Eta numeroak hori diote. Arlo batzuetan lehen gaztelaniaz funtzionatzen zen eta orain euskaraz baina kontzientziazio arazoa egon daiteke.

-Zergatik diozu hori?

-Uste dut ikasteko ahalegina egiten dela baina euskaraz bizitzeko hautua ez dagoela. Pauso ugari eman dira eta hor daude sortu diren euskara elkartea piloa, UEMA, Korrika, Kontseilua, ikastolak, eskolak, euskaltegiak… Oraindik jendea aktibatu beharra dago.


Euskaraz bizitzeko hautua


-Eta horregatik dirau EHEk?

-EHE ez zen sortu betiko irauteko. Bere helburua lortzeko sortu zen eta lortutakoan desagertzeko. Nahiago nuke EHE desagertzea helburuak lortu direlako. Baina oraindik ez gara heldu umeak ginenean irudikatzen genuen etorkizunera.

-Asmoak ederrak dira baina horrelako egoera bat ez da utopia?

-Ez dut uste. Borondate politikoa eta soziala egonez gero, Euskal Herria euskalduna posible da. Egia da horretarako tresnak, espazioak… sortu behar direla. Batzuen ustetan Estatu bat izanez gero lor daitekeela, eta egia da Estatu bat izateak asko lagunduko lukeela. Baina hori da arrautzarena; zer izan zen lehenago: arrautza edo oiloa? Gaur egun, instituzioek dituzten eskumenekin gauza askoz ere aurrerakoiagoak egin ahal dira; adibidez legeak aldatuz. Kontuan dugu Espainian edo Frantzian bizi garela eta beraien konstituzioak gainetik ditugu. Ausartak izan behar gara eta hizkuntza politika burujabeak planteatu behar ditugu. 

-Herritarrena, erakundeena edo biena da behar den beste ez egitearen errua?

-EHE herri mugimendua da eta beti egin du lan herritarrekin masa kritiko bat osatu eta politikoak eta eragileak behar diren aldaketak egitera bultzatzeko. Gu prest gaude lan egiteko, helburu berdinak izanez gero, instituzioekin edo beste edozein erakunderekin. Aldaketak emateko beharrezkoa da masa kritikoa sortzea eta honen lan sozialak aldaketa politikoa bultzatu eta aldaketa juridikoa ekarriko du. Legea aldatzeak eta inplementatzeak diru-laguntzak baino eragin gehiago izan dezake. Eta hori doan da. Hala ere beharrezkoak dira diru-laguntzak eta lotsagarria iruditzen zait Berriari kendutakoa.


Erreibindikatzailea eta borrokatzailea


-Baina zuek autogestio ekonomikoarekin aldeko apustua egin duzue betidanik.

-Guk ez dugu inoiz diru-laguntzarik jaso. Ez dugu ezer diru-laguntzen kontra eta onartzen dugu euskararen alde inbertitu behar dela. Guri diru-laguntzarik ez jasotzeak autonomia ematen digu gure diskurtsoa eta dinamika lantzeko. Ez gara lerrotzen inolako alderdi politikorekin eta ez dugu lotura ekonomikorik instituzioekin. Guztiekin ditugu harremanak eta euskalgintzako eragile guztiekin eta Kontseiluko zuzendaritzako kideak gara.

-EHEk “izaera erreibindikatzailea eta borrokatzailea”ren aldeko hautua egin zuen. Mantentzen ditu ezaugarri horiek?

-Bai. 1979ko testuinguruan gabezia bat zegoen. Alderdi politikoak, sindikatuak, ikastolak eta AEK sortuak ziren baina ez zegoen euskararen alde borrokatzen zuen erakunderik. Umeak eta jendea euskalduntze lana egiten zuenik bazegoen baina euskararen aldeko lan politikoa eta soziala egiten zuen erakunde bat falta zen. Eraso eta muga asko zeuden eta hori irudikatu egin behar zen.

-Topaguneko euskara taldeak, ikastolak, AEK, Kontseilua, UEMA, EHE,… Baten zeregina ez da nahasten bestearenarekin?

-Ez, eta guztiak dira beharrezkoak.

-Durangon gainera, hainbat eragileren artean GuKa elkartea sortu duzue.

-Bai, bertan Durangoko AEK, Ibaizabal ikastola, Durangoko Euskal Herrian Euskaraz, Anboto astekaria, Plateruena kafe antzokia eta Berbaro euskara elkartea biltzen gara. Bakoitzak arlo bat lantzen du: transmisioa, erabilera, aisialdia,… Egia da kontzientziazio lanean bat egiten dugula gauza askotan, baina EHEren lana arlo politikoan eta sozialen murgiltzen dela. Hala ere, diferentzia diskurtsiboak daude elkarte desberdinen artean, nahiz eta Kontseiluaren sorreratik euskalgintza diskurtsoa nahiko bateratua den. Azkenean talde guztiak euskaraz egin beharrean lerrokatzen gara.  

-Zer-nolako harremana duzue Durangaldeko udalekin?

-Momentu honetan EHEk Durangon, Zornotzan eta Otxandion ditu taldeak eta Durango eta Abadiñoko herritarrekin lan dinamika bat hasi genuen eskaera batzuk egiteko udaletxeei. Durangaldeko udal gehienak euskararen ordenantzak, euskara planak, euskara biziberritzearen inguruko planak dituzte. Nahiz eta onartutako planak ez izan nire edo EHEren gustukoak, udalek ez dituzte praktikan jartzen. Durangoko Udal Ordenantza betearazlea da, baina ez da inplantatzen: langile guztiak ez dira euskaldunak, zenbait arlotan ez dago harrera euskaldunik, lan funtzionamendua ez da guztiz euskalduna… Udaleko euskara zerbitzua duina da baina, agian, baliabide falta dago. Egiten dira gauzak euskararen alde baina asko dago egiteko.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados