Baltz edo beltz geratu dira Nafarroako hainbat herri suteen ondorioz. Bihotza uzkurtu zaigu tristuraz. Begira geratu gara gure talaiatik. Suhiltzaileak joan dira bai, eta egin dute ahalegina suteak itzaltzeko. Kalteak kontaezinak direla diote. Soroak erreta, beltz, nekazariak beti azken, beti bazterrean. Gobernuko aulkietan nekez jezartzen dira nekazari eta baserritarrak, baina legeak han egiten dira aulki erosoetan. Nekazaritzaz ezagupen gutxi dutenek idazten dituzte sarri legeak, “Ez ikusi, ez ikasi”, eta horrela doa mundua.
Nafarroako nekazal turismoak ere ez ditu ordu onenak bizi. Erreserbak erortzen ari zaizkie egunetik egunera. Nor joango da ba orain hara? Entzun diot adiskide bati. Ez dut erantzuteko adorerik izan, berba barik geratu bainaiz. Oraintxe joan beharko genuke Nafarroara, agian. Ameslaria naiz beharbada. Ez dakit.
Baltz, beltz, dago Nafarroa. Destinu petrala dena galdu dutenek. 0tik hasi behar dutenek. Ikasi ote dugu zerbait? Zainduko ote dugu gure ingurua? Gure mendiak? Gure lurrak? Gure soroak? Joango ote gara Nafarroara, ipar, hego zein erdialdera? Oi Baldorba!
Baltz, beltz dago Melilla ingurua ere. 37 pertsona beltz hil dira gurera bidean, zauritu ugari, paradisura zetozelakoan galdu dute bizia, hobeto esanda, hil dituzte, murruen kontra. Irudiak ikusi eta filme batekoak dirudite, edota beste menderen batekoak, baina ez, orain eta hemendik ez hain urrun gertatu dira.
Hedabideetan inolako enpatia barik eman dute berria. Hitz gogorrak jaurti ditu Sanchez presidenteak, goraipatu egin du Marokoko polizia bere aparteko jardueragatik, “extraordinaria actuación” esan du eta “operación bien resuelta” gehitu du. Ikerketa edo giza bizitzak galtzeari buruzko aipamen txikienik ere ez. Harrezkero, Lurdes Iriondok abesten zuen kantua burutik kendu ezinda nabil.
Hitzak agintariarenak
hain hitz merkeak
ordaina garestian pagatuak.
Sententziazko hitzak, ikaragarriak…
Caminando Fronteras erakundearen arabera Berlingo harresian 140 pertsona hil ziren hogeita sei urtean. Melillan aldiz, egun bakar batean 37 hil dira gutxienez, Aznarrek altxatzeko agindu eta Zapaterok pintxoz hornitzea erabaki zuen hesi horretan.
2021ean, “hegoaldeko muga” deiturikoan, itsasoz eta lurrez, ia 2.000 lagun hil ziren. Espainiako migrazio-politikak, Europarekin itunduak, teologo batek “egiturazko genozidio” deiturikoak horren parte dira. Gizakiek hesiei “eraso” egin behar diete, hesiak daudelako.
Ez dezagun ahaztu. Hesi hori eraitsi eta gure harrera-politikak aldatzen ez diren bitartean, behin eta berriz baltzitu edo belztuko da itsaso urdina.