Banner en desktop Banner en moviles
Mañariko Udala
FP Zornotza
Maristak Durango
Amorebieta-Etxanoko Udala

Euskarak lehiakorrago egiten ditu negozioak

Durangoko Udalak, Durangaldeko Mankomunitateak kudeatzen duen Landue egitasmoak eta Dendak Bai elkarteak Euskararen Erabilera Areagotzeko Dekalogoa egin dute. Dokumentu honetan proposatzen diren aholkuak eta estrategiak elkarteko merkatariei, ostalariei eta zerbitzu enpresei zuzenduta daude.

“Komunitatearen hizkuntza aniztasuna ondo kudeatu” behar dela, eta “enpresa baten zerbitzua kalitatezkoa izateko giltzarrietako bat erabiltzaileekin eta langileekin abegikorra” izatea dela sinetsita, Dekalogoaren helburua “eguneroko jardunean hizkuntzen kudeaketa hobe­tzea eta euskararen erabilera areago¬tzea” da.

Ekimena bultzatu duten erakundeen arabera, “hizkun­tza-kudeaketak lehiakortasunean du eragina”. Izan ere, egunerokoan euskara erabil­tzeak produktuen eta zerbi­tzuen salmentari “balio eran­tsia” ematen dio.

Dekalogoarekin, gainera, “bezeroen eta herritarren hiz­kuntza eskubideak eta hautuak errespetatzea lortzen da, bezero zein herritar horiei marka, nortasun edo gauzak egiteko modu propio bat adieraziz: gertutasuna, konfidan­tza, kalitatea…”.

Herritarren hizkuntza-esku­bideak errespetatzeko bokazioaz gain, establezimenduetako arduradunek denden bereizgarri bilakatuko dute euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa.

Nahiz eta agiriaren lehen aholkuak irudia zein errotulazioa euskaraz eta gaztelaniaz idatziko direla adierazi, euskarari emango zaio lehentasuna, soilik euskaraz idaztea posible izango delarik. Eta gauza bera gomendatzen du emangarriei, publizitatea eta ingurune digitaleko elementuei buruz.

Bezero zein herritarrekiko harremanak, telefonoa erantzuterakoan zein aurrez-aurreko harrera eta agurrean, euskaraz egitea bermatu behar da, eta ida­tzizko harremanetan lehentasuna emango zaio euskarari.

Jendaurreko ekitaldietan euskararen presentzia areagotzea sustatuko da; barne komunikazioa, ahozkoa zein idatzizkoa, euskaraz izan dadin sustatuko da; kanpo komunikazioa, administrazioekiko zein hornitzaileekiko, euskaraz izatea sustatuko da; kontratazio-irizpideei dagokionez “ezinbestean aintzat hartuko da euskararen ezagutza”; eta azkenik “Dendak Bai-ko bazkideen artean eta enpresetako langileen artean euskararen erabilera sustatzea helburu duten ekimenetan parte har­tzea sustatuko da”.

Barra-Barra ziurtagiria

Ekimenak lehenesten duen euskararen erabilera areagotzeko, Dendak Baiko baz­kideek hainbat baliabide erabili ahal izango dituzte. Durangoko Udalak eta Durangaldeko Mankomunitateak dirulaguntzak ematen dituzte errotuluak eta web guneak euskaratzeko. Udalak, gainera, itzulpen, zuzenketa eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkie.

Bestalde, Barra-Barra ziurtagiriak Euskararen Erabilera Areagotzeko Dekalogoa proiektuan parte hartzen duten establezimenduak eta zerbitzu enpresak identifikatuko ditu.

Andrea Larrea / Nahia Zeziaga On eKin dietetika eta nutrizioa

“Dekalogoak hizkuntzaren erabilerarekiko kontzientzia garatzen lagundu dezake”

-Zelakoa izan da zuen esperientzia euskararen erabilera areagotzeko ahaleginean?
-Egia esan gure kasuan ez da kontzienteki egindako hautu bat izan euskara gure zentroan erabiltzearena. Betidanik erabili izan dugun hizkuntza denez naturala egiten zaigu mugitzen garen lekuetan euskaraz komunikatzea, eta lanean ere horrela izan da hasieratik. Gainera gure zerbitzuan bezeroarekin dugun harremana ez da erosketa soil batean gelditzen; elikadura plan pertsonalizatu baten gomendioak emateko, pertsona horren bizitza aztertu behar izaten dugu eta pertsona horri hori guztia komunikatzeko erraztasunak ematea beharrezkoa ikusten dugu. Kontu pertsonalei buruz hitz egiteko euskara erabiltzea erosoagoa egiten zaion jende asko dago.

-Zein izan da zuen partaidetza Durangoko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresentzako Euskararen Erabilera Areagotzeko Dekalogoaren lanketan?
-Dekalogoaren lanketan ez dugu parte hartu. Baina aurkezpena egin zen egunean gure esperientzia kontatu genezakeen galdetu ziguten eta hori izan da guk prozesu honetan aportatu duguna. Horrela jendeak euskaraz komunikatu daitekeela eta hori erakusten duten adibide errealak daudela ikusi dezake eta erabilera sustatzera animatu daiteke.

-Beharrezkoak dira horrelako ekimenak euskararen erabilera areagotzeko?
-Egia da horrelako ekimenek hizkuntzaren erabilerarekiko kon­tzientzia garatzen lagundu dezaketela. Kasu honetan baliabideak eskaintzen dizkigute euskararen erabilera nola sustatu dezakegun jakiteko, batzuetan aukerarik ez dagoela pentsatzen bait dugu aurretik jakin gabe.

-Zelan lagundu dezake On eKin bezalako enpresa batek euskararen erabilera areagotzen?
-Guk jendeari gure zentroan euskaraz aritzeko aukera eskaintzen lagundu dezakegu erabilera areagotzen. Bestalde, gure lana aurrera eramateko, gure zerbitzua berdina da euskaraz zein gazteleraz, hau da, ematen ditugun erraminta guztiak bi hizkuntzatan ditugu. Beraz, bakoitzak erabaki dezake ze hizkuntzatan nahi duen jaso gure zerbitzua. Gainera, hasieran gugana datorren pertsonak ez badaukagu argi euskara edo gaztelera nahi duen beti galdetzen dugu eroso sentitzeko aukera izan dezan.

-Zuen kasuan, “elikatzen ikasten laguntzeaz gain, motibazioa lantzea oso garrantzitsua” dela diozue. Baliagarria izan daiteke formula hori merkatari eta ostalarientzat?
-Ez dakit beste guztien kasuan zein den beraien lan egiteko modua, baina guk jendearen osasuna hobetzeko prozesuan lan egiten dugu eta garrantzitsua iruditzen zaigu gomendioak emateaz gain prozesu guztian bidelagun izatea, eta horretarako motibazioa lantzea bakoitzak nahi dituen helburuak lortzeko prozesu horretan disfrutatzeko eta ahalik eta zerbitzu eraginkorrena jasotzeko.

Iñaki Uribe Saltsan

“Saltsan orain 30 urte sortu genuen eta hasieratik ahalegindu gara euskara sustatzen”

-Zergatik izango da lagungarria zuen enpresaren­tzat Euskararen Dekalogoa?
-Ez dakit lagungarria izango den, baina ahaleginak egingo ditugu. Saltsanekook 30 urte daramatzagu merkatuan eta beti bultzatu dugu euskararen erabilera, ia denon artean apur bat gehiago egiten dugun. Dekalogoa nahiko erraza da; azken batean gogo apur bat eduki behar da. Denok euskaraz egitea ezinekoa izango da baina, Dekalogoa jarraitu ezkero, gutxi egiten dutenentzat lagungarria izango da.

-Zelan lagunduko dizue?
-Hobetu daitezkeen gauza asko daude. Gure kasuan Bai Euskarariren ziurtagiria daukagu eta arlo gehienetan euskaraz egiten dugu. Hala ere, arazo txiki batzuk ditugu eta, denok euskaldunak garen arren, batzuk ez dute euskaraz hitz egiten. Eskutitzak idazterakoan edo telefonoa hartzean adibidez ahalegintzen gara euskaraz egiten; baina telefonoa erantzuten duenak edo datorren jendea atenditu behar duenak ez badaki, arazotxoa dugu. Ez da normalena, baina suertatu daiteke.

-Euskara balio erantsia da zuen enpresan?
-Bai, noski. Orain 30 urte Saltsan sortu genuenetik lehentasuna da. Gertatzen zaigu hainbat bezerok ez dakiela euskaraz. Baina badakigu kliente euskaldunek nondik nora joko duen.

-Dekalogoan azaltzen diren 10 neurriak betetzen dituzue?
-Bai, bertan ematen diren neurri eta aholku gehienak betetzen ditugu; eskutitzak, aurrekontuak eta bestelakoak zelan bete behar eta abar. Web orrian, sare sozialetan eta horrelakoetan, esaterako, testuen itzulpena egin beharrean hizkuntza biak tartekatzen ditugu, astunegia izan ez dadin. Horrela, gainera, gure jarraitzaileak euskaraz irakurtzera behar­tzen ditugu.

-Dekalogoaren sarreran hiru galderaren inguruko hausnarketa egitea proposatzen zaizue ekimenera batzen zareten enpresei. Lehena ‘hizkuntza produktu/zerbitzuaren parte da?’.
-Gure kasuan hasieratik sartuta dago eta ematen dugun zerbitzuan tartekatuta dago. Saltsanen aurpegia, batez ere, Petri eta biok gara eta argi dugu gurean lehentasuna dela.

-Bigarrena: ‘Hizkuntzak garrantzia du interes taldeentzat (bezeroak, hor-nitzaileak, herritarrak, langileak,…)’?
-Garrantzia osoa du, baina bezeroen aldetik denetarik dago. Batzuetan erdaraz egiten dute eskaria, baina euskarara jausi egiten badugu, agian euskaraz jarraituko dute eta horrelakoetan zerbait lortu dugula uste dut. Gehienak ondo hartzen dute.

-Eta hirugarrena: ‘Hizkun­tza gai garrantzitsua da lurraldean?’.
-Batzuentzat bai eta besteentzat ez hainbeste. Durango ez da herri euskaldun peto-petoa. Gu, askotan, giro euskalduneko lekuetan mugitzen gara eta hori erraza da. Enpresa askorekin ere lan egiten dugu eta dakitenekin euskaraz hitz egiten ahalegintzen gara.

-Zer egin dezakezue merkatariok Durangon euskararen erabilera areago­tzeko?
-Horrelako galdera bat sortu zen Dekalogoaren aurkezpena egin genuenean. Nik proposatu nuen Euskaraldia edo horren antzerako kanpaina bat egitea, establezimenduetako ateetan ‘Hemen euskara egiten da’ edo antzerako esaldiekin; langileei ‘Ahobizi’ edo ‘Belarriprest’ bezalako pegatinak eramatea… Proposamen hori ‘Barra-barra’ ekimena egingo dela jakin aurretik azaldu nuen.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados