
Gerediaga elkarteak Abadiñoko Astolan zuen egoitzan jaio eta auzo horretako izena hartu zuen aldizkariak 10. urteurrena betetzen du aurten. Urtean behin argitaratzen den errebistak Durangaldeko historia eta eskualdeari buruzko ikerketa gaiak tartekatzen ditu “edonork ulertzeko moduan landuz eta erakutsiz”, Gerediagako kideen esanetan.
Astolaren 10. aleak Durangon trena lurperatzeko eta oraindik guztiz garatu gabe dagoen proiektua hartu du abiapuntu. Marta Aranbarri kazetariak trena lurperatzearen inguruko lan zabalaz egiteaz gain, Igor Zorrakin Durangoko udal arkitektoari eta Hodei Zenikaonandia arkitekto-aholkulariari elkarrizketa bana ere egin die.
Gainera, Milia Zabala eta Eneritz Trigueros arkitektoek egitasmo horren inguruko karrera amaierako egindako proiektuak ere islatzen dira.
Gai horrekin nolabaiteko lotura duen galdera bat egiten da egiten da aldizkariaren editorialean, “erabat beharrezkoa al da Durangoko geltoki zaharra eraistea?”. Horri buruzko hausnarketa egiteko lagungarri izan daiteke Amaia Martinez Matia Historian doktoreak eskualdeko paisaia industrialari buruz idatzitako artikulua.
Herejeak eta Plateruak
Garai desberdinetako gertakari historiak ere aztertzen dira beste lau artikulutan. Jose Mari Uriarte historiazaleak Karl Wilhelm von Humboldt aristokrata prusiarrak Durangaldean zehar egindako bisitaldiaren berri jaso du.
Ander Berrojalbizek ‘Anbotoko herejeak’ izenarekin ezagutzen zen mugimenduak agintari zibil zein elizakoen aldetik jasandako errepresioari buruzko erreportajea idatzi du.
Jose Antonio Sistiaga, Esther Ferrer eta Jorge Oteiza artista plastikoek 60ko hamarkadaren erdialdean Elorrion eskola esperimentala sortzeko ahaleginei buruzko artikulua idatzi du Mikel Onandia arte historiagileak.
Antton Mari Aldekoa-Otalora, azkenik, Durangoko Plateruak izan ziren Antonio eta Juan Cruz de la Fuente Bolanjerori buruzko testua idatzi du kaleratu berri den aldizkarirako.
Astola urtekariaren 10 zenbakiak 160 orrialde ditu eta salgai dago 5 euroren truke Durangaldeko liburudenda eta papertegietan eta Gerediaga elkartearen bulegoan.
10 urteetako ibilbidean 100 erreportaje inguru argitaratu ditu Astolak. Hamarkada horretan “Durango Detroit berri bat izateko bidean egon zela, Iurretan aireportua egon zela edo Elorrion petroleoa aurkitu zutela” gogoratzen dituzten artikuluak tartekatu dituzte, besteak beste.