Banner en desktop Banner en moviles
Maristak Durango
Mañariko Udala
Amorebieta-Etxanoko Udala
San Agustin Durango

“Goenkale telesailean konturatu nintzen aktore moduan lan egin ahal nuela”

“Goenkale telesailean konturatu nintzen aktore moduan lan egin ahal nuela”

Gazteek duten ausardiaz, grinaz eta adoreaz murgildu da interpretazio munduan; eszenatokian zein ikus-entzunezkoetan. Amaitu berri duen pelikula telebistan noiz emango zain dagon bitartean, lau antzezlan estreinatuko ditu bata bestearen jarraian Eneko Sagardoy (1994) durangarrak.

Karrikan lehen urratsak eman ondoren, Goenkale telesailerako aukeratu zuten 18 urterekin eta orduan jabetu zen “aktore moduan lan egin ahal nuela”. Baina argi dauka bere prestakuntza hasi baino ez dela egin eta “ikasteko, ikertzeko eta jolasteko gogo handia” duela aitortzen du. Ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak ez ditu alde batera utziko eta aurten 3. mailari ekingo dio.

-Pelikula bat amaitu berri eta datozen hilabeteetan lau antzezlan estreinatuko dituzu. Hori bai une goxoa bizi duzuna!

-Bai, ekainean eta uztailean Iparralden grabatu genuen ‘Le sanctuaire’ pelikula, Olivier Masset-Depasse zuzendari belgikarraren aginduetara. Frantziako Canal +entzat egindako produkzio bat da. Pelikulan ETAko errefuxiatuen historia bat kontatzen da eta 90eko hamarkadan Espainia eta Frantziako gobernuen artean izan ziren eztabaidak. Nik paper txiki bat dut, komando bateko kide gazteena naiz. Baina pelikulan egotea opari bat izan da eta goi mailako aktoreekin lan egin dut: Àlex Brendemühl, Rubén Ochandiano, Juana Acosa eta Josean Bengoetxea.

-Eta urriaren amaieran Bilboko Arriaga Antzokian izango zara Maskarada konpainiarekin ‘Arkimedesen printzipioa’ estreinatzeko.

-Josep Maria Mirò i Corominasek idatzitako testu oso ezagun baten produkzio potentea da. Gaztelaniazko bertsioan Javier Pereira, Lola Baldrich, Alvar Gordejuela eta Gorka Mínguez daude eta urriaren 29an eta 30ean euskaraz estreinatuko dugunean Tessa Andonegi, Xabier Ortuzar, Aitor Fernandino eta neu.

Istorioa igerileku baten pasatzen da eta nik egiten dudan pertsonaiari, Iñakiri, ume bati ahoan musu bat ematea leporatuko diote. Egoera horrek mesfidantza eta pederastiaren inguruko zalantzak sortaraziko ditu. Baina eztabaida nagusian azaltzen dena zera da: gaur egungo gain protekzioa, alarma sozialak zein arin pizten diren edo non gelditzen diren afektibitatea, besarkadak ematea eta kontaktu fisikoa.

-Arriagan estreinatzeak erantzukizun berezirik ematen dizu?

-Ez. Nik ahalegina egiten dut edozein plazatan, ikusle bi edo berrehun egon, nire onena emateko. Jakina plazer berezi batekin egingo dudala, Euskal Herrian daukagun antzoki ederrenetariko bat delako. Baina testua ondo defendatzea, pertsonaia sinesgarri bat egin eta antzokia betetzea dira nire erronkak.

-Obra horren testua Iñaki Ziarrustak euskaratu du eta Arriagako emanaldien aurretik Ziarrustak berak euskaratu, moldatu eta zuzendutako ‘Arren ganbara eta emeen sotoa’ estreinatuko duzu Atx Teatroarekin.

-Bilboko Errekaldeko Udal Aretoan egingo dugu estreinaldia urriaren 17an. Testua Luis Riazarena da eta Iñakik moldatu, euskaratu eta zuzentzen du. Irakurri ostean argi izan nuen, zelan edo hala, proiektu horretan egon behar nuela. Eta oso bidaia polita egiten gabiltza.

Obra hau Josu Florentino, Enaut Gantxegi eta Marina Apariciorekin batera antzezten dut. Oso iluna da naiz eta umore zertzelada ederrak dituen. Sexuaz eta sexuen arteko zapalkuntzaz berba egiten da. Oso identifikatuta sentitzen naiz idazkerarekin eta Iñakik proposamen eszeniko hau lantzeko duen moduarekin. Nire pertsonaia goxokia da.

-Otsailean, berriz, Nazaret Froufe, Urki Muguruza eta Joana Ocañarekin batera sortu duzun Lauka konpainiarekin Zu.bi egitasmoak aukeratutako ‘Amodioaren ziega’ estreinatuko duzue.

-Antzezlan horren lehen agerraldia Leioako Kultur Maratilan egingo dugu otsailaren 26an eta ondoren Durangoko San Agustinen, Elorrion eta Zornotzan, besteak beste, izango gara.

Oso lan gordina eta poetikoa da. Egoerak berak ematen du gordintasuna, bis a bis baten istorioa delako. Ikusleari emango diogu aukera zirrikitu batetik egoera, pertsonaiak eta bertan pasatzen dena ikusteko. Xabier Mendigurenek idatzitako testua da eta dramaturgia osatzeko berak idatzitako beste poema batzuk tartekatu ditugu.

-Nola sortu zen Xabier Mendigurenen testua eszenara eramateko aukera?

-Iaz, Laukan gauden lau aktoreok, Aulestin Artedramak antolatzen duen laborategian jolastu genuen obra ha, Manex Fuchekin batera. Berak obra egitea posible zela esan zigun eta laurok aurrera egitea erabaki genuen; baina horretarako plataforma bat behar genuen. Lauka sortu eta ZU.bi egitasmora aurkeztu ginen oso esperantza gutxirekin. Eta sorpresa: hamabi proposamenen artean gurea hautatu zuten, eskaintzaren deialdiaren perfilera oso ondo egokitzen ginelako.


Work in progress

-Santanderreko Estudio Espiralen ere ibili zara eta ‘Náufragos’ sorkuntza eramango duzue oholtzara.

-‘Náufragos’ work in progress bat izan zen baina egingo dugun ikuskizuna bakarrizketa izango da. Ez dakigu noiz estreinatuko den. Iaz hasi nintzen eurekin lanean laborategian, esperimentazio, inprobisazioak eta teknika oso bereziak lantzen. Niretzat leku oso potentea da eta datorren ekainean bertara bueltatuko naiz.

-Antzerkigintzan Karrikarekin hasi zinen eta ondoren Artedrama, Kabia, Espacio Espiral eta zenbait irakaslerekin jarraitu duzu zure formakuntza. Antzerki ikerketa laborategietan jardutea gogoko duzu?

-Egia da laborategietan hezi naizela gehien bat. Lehenengoz Artedramakoa probatu nuen eta gero Espacio Espiralen finkatu nituen laborategi formatu horiek. Antzerki ikerketa eta antzerki antropologia asko interesatzen zaizkit. Hala ere, Kabiako entrenamenduetan nahi nukeena baino gutxiago egon nintzen, han asko gustatzen zaidan antzerki mota bat lantzen da eta.

-Arte Eszeniko ikasketekin jarraitzeko asmoa duzu?

-Ikasketak egin, egin nahi ditut. Auskalo non amaitzen dudan. Hala ere, beldurra ere ematen dit lanean etenaldi bat egiteak. Baina ikasteko, ikertzeko eta jolasteko gogo handia daukat. Lan proposamen bati ezetza eman behar badiot kanpora ikastera joateko, emango diot, hori nahi badut. Momentuan momentuko interesak eta beharrizanak asetu nahi ditut, ahal den heinean. Hori da ideia eta erronka. Baina orain, hemen nago eta bizitzen ari naizena disfrutatu nahi dut eta hortik ikasi.

 

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados