Hunkigarria eta zirraraz beteriko kilometroak egin zituen 21. Korrikak zapatu arratsaldean Durangaldean. Eskualdeko elkarte, Udal ordezkariek, alderdi politikoek, sindikatuek zein bestelako taldeek eta norbanakoek bat egin zuten euskararen alde bizpahiru kilometro arineketan egiteko.
Ermuatik eskualdera sartu zen lasterketa herrikoiak hainbat euskaltzale bereganatu zituen kilometroak aurrera egin ahala. Esku batetik bestea pasatzen zen Korrikaren lekukoak Mallabia, Zaldibar, Berriz, Elorrio, Atxondo, Abadiño, Durango, Iurreta eta Zornotza zeharkatu zituen eskualdea atzean utzi eta Arratian murgildu orduko.
Hala ere, domeka goizaldean berriro itzuli zen eskualdera, Otxandiora gerturatu baitzen lasterketaldia. Ondoren, Gasteizerako bidea hartu zuen, Arabako hiriburuan egin zen Korrikaren amaiera jaiarekin amaiera jendetsua emateko aurtengo edizioari.