
Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartzeko helburua duen Bizkaiko Taldekako Bertsolari txapelketaren bigarren edizioa ospatuko da otsailetik maiatzara bitartean. Lehiaketan 21 talde izango dira, tarteko Abadiñoko ‘Koipelustre’s’, Durango eta Iurretako kideek osatutako ‘Tronperrieta’ eta berriztarrak eta elorriarrak biltzen dituen ‘Miotako bidelapurrak’.
Talde bakoitza, gutxienez, sei lagunez osatuta egon behar da, derrigorrezkoa baita parte hartzen duten hiru bertsolariez gain, gai-jartzailea, epailea eta laguntzaile bana izatea.
‘Tronperrieta’ taldeak Eneko Abasolo ‘Abarkas’, Ander Sarriugarte, Unai Iturriaga, Juan Mari Areitio, Gorka Pagonabarraga, Erika Lagoma, Ander Elorriaga, Iker Maguregi eta Leire Vargas biltzen ditu.
‘Koipelustre´s’eko kideak Aitor Bizkarra, Txaber Altube, Bittor Altube, Ainhoa Urien, Beñat Gaztelurrutia, Igor Galarza, Jon Zialzeta eta Ione Narbaiza dira.
Durangaldeko ordezkaritza osatzen duten ‘Miotako bidelapurrak’, Miren Amuriza, Ibai Guridi, Amaia Ugalde, Iruri Altzerreka, Gorka Lazkano eta Joxe Garaizabal dira.
Hiru fase
Taldekako txapelketa hiru fasetan jokatuko da eta lehenengoari hasiera emango dion saioa otsailaren 24an izango da Algortan. Hiru ageraldi izango dira, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan herriko beste hainbeste tabernatan, eta ‘Tronperrieta’koez gain Uribe Kostako ‘Tosu bizirik’ eta ‘Anubix!’ taldeak lehiatuko dira.
Eskualdeko beste bi taldeak martxoan izango dituzte beraien saioak. ‘Koipelustre’s’ekoek 17an lehiatuko dira Gernika-Lumon eta saioan Busturialdeko ‘Itsosupetekuek’ eta ‘Punta batekoak’ taldeekin indarrak neurtuko dituzte. ‘Miotako bidelapurrak’ berriz, 23an hasiko dituzte ekitaldiak Igorren eta Santutxuko ‘Otsoa & Co.’ eta Arratiako ‘Aramotzetik Itxinera’ taldeekin lehiatuko dira.
Lehen fasean zazpi kanporaketa jokatuko dira eta saio bakoitzeko irabazleak egingo du aurrera. Bigarren fasean hiru kanporaketa jokatuko dira eta bakoitza irabazten duenak maiatzaren 25ean, Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera, jokatuko den finalean egongo da.
2017ko finalean ‘Iurretako Bertso Taldie’, ‘Abadiñoko Koipelustre´s’ eta txapelketa irabazi zuen Markina-Xemeingo ‘Akerbeltzen Antxumak’ lehiatu ziren.