Banner en desktop Banner en moviles
FP Zornotza
UNI Eibar Ermua
Iurreta LHI
Maristak Durango

Bizkaian mantentzen den arma alarde bakarra gauzatuko dute Errebonbilloek igandean

Bizkaian mantentzen den arma alarde bakarra gauzatuko dute Errebonbilloek igandean

Bizkaian gaur egun mantentzen den armen alarde bakarra ospatuko da igande honetan Elorrion: Errebonbilloak. Kapitain baten aginduetara azaltzen diren 15 eskopetari, bi txistulari eta atabal joleak osatutako konpainiak, bi agerraldi egingo ditu, bata goizaldeko bostetan eta bestea arratsaldeko bostetako errosario ostean.

Errebonbilloek goizaldean egingo duten kalejira bostak puntuan abiatuko da, udaletxerantz eta elizarantz jaurtiko dituzten salben ondoren. Jarraian hasiko duten ibilbidean hainbat etenaldi egingo dituzte salba gehiago jotzeko, hain zuzen, Kurutzondo parean, antzinako San Lazaro ospitale parean, Santa Anako komentuan, Larreategi jauregian eta Kurutziagan.

Tanger tabernako armosuarekin indarrak berreskuratuta, Txanbeli inguruan dagoen kurutzearen parean jaurtiko dute hurrengo salba. Goizaldeko ibilaldia Berrio-Otxoa kaleko pare bat jauregi parean eta plazako beste bi tiroekin amaituko da.

Arratsaldeko saioa bostetan hasiko den errosario ostean abiatuko da eta Errebonbiloen lehenengo ibilbideak Alde Zaharretik lagunduko du Errosarioko Ama Birjinaren prozesioa. Eliz-jarraigoa parrokiara itzuli ondoren kalejirarekin jarraituko du eskopetarien konpainiak.

Berriro Herriko plazara bueltatuz, Errebonbilloek alde batera utziko dituzte eskopetak dantza ekitaldiari hasiera emateko. Kapitainak eta Atzeskuak eskainiko duten Desafioarekin ondoren, Banan-banakoa dantzatuko dute errebonbillo guztiek. Jarraian, Aurreskua eta Zortzikoa interpretatuz, publiko artetik aukeratuko dituzte zenbait lagun elkarrekin dantzatzeko ekitaldiari amaiera ematen dioten Fandago, Arin-arin eta Kalejira.

Hastapen ezezaguna

Errebonbilloen hastapena ezezaguna bada ere, adituek alde batera utzi dute behin eta berriro alarde honen jatorria Lepantoko batailan zegoela esaten zuen asmakizuna. Kontakizun horren arabera guda horretatik etxera bueltatzen ziren Amandarro baserriko semeak jaurtitako salbetan dago tradizioaren jatorria.

Jaiaren jatorria Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan egiten ziren armen alardeetan omen dago. Gaur egun Bizkaian mantentzen den bakarra Elorrioko Errebonbilloak bada ere, Gipuzkoan Irungo San Martzial, Hondarribiko Alardea edo Antzuolako Mairuaren Alardea mantentzen dira, bakoitzak bere ezaugarri propioekin.

Elorrion egiten zen alardearen lehen aipamena 1575ko herriko aitonen-semeen ‘Matrícula y Padrón’ ordenantzetan aurkitu zuen Iñigo Agirre Kerexeta historialariak. Agiri horretako 9. kapituluan azaltzen denez, konpainiako kideak alkatearen etxean batu behar ziren “…todos los días de San Juan por la mañana…”. Eta ondoren “anden por las calles e plazas acostumbradas desta Villa y esten y bengan apercebidos todos para el dicho alarde con sus armas, es a saber, pica y espada o espada e arcabuz a guisa de guerra”, agintzen du agiririak.

Gainera,  Errebonbilloen jaia “Lepantoko itsasbataila baino aurreragokoa” dela baieztatzeko hainbat arrazoi ematen ditu Agirrek. Berak idatzi eta Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako ‘Elorrio’ monografian, agirietan, kondairan eta hirigintzan oinarritutako arrazoiak ematen ditu.

Pilota eta txistu kontzertua

Errebonbillo eguneko egitarauan tartekatutako ekitaldi nagusiak alardeari lotutakoak badira ere, Udalak pare bat ekitaldi tartekatu ditu ospakizuna borobiltzeko.

Goizeko 11.00etan Nesken gomazko paleta zirkuituko partidua eta lagunarteko beste bi neurketaz osatutako jaialdia egongo da plazako pilotalekuan. Lehenengoa, Elorrioko pilotarien arteko partiduan, Miren Zorrakin eta Inge Fondado, Maider Aranguren eta Elene Ugaldearen kontra jokatuko dute eta bigarrenean, Durangaldeko promesen arteko partiduan, Ane Díez eta Amaia Mariezkurrena, Ane Aibar eta Naua Ugarrizaren kontra jokatuko dute. Jaialdia itxiko duen zirkuituko partiduan berriz, Isasmendi eta Goikoetxeak indarrak neurtuko dituzte Pradera eta Etxanizen kontra.

Eguerdiko 13.15etan Txistu kontzertua emango dute Herriko plazan, Jaizale taldeak, Durangoko txistulariak, Durangoko Metalen taldea, abeslari bakarlariak eta danborradako zenbait kide.

Prestatutako egitarauan ‘Errebonbiloen martxa’ edo ‘Txantxibiri’ piezez gain ‘Neska zaharrak’, ‘Euskara, oi euskara’, ‘Ikusten duzu goizean, ‘Ilunabarra’, ‘Xalbadorren heriotzean’ eta datorren asteartean 100 urte beteko zituen Sabin Alonso Ariñok konposatutako ‘Elorrioko martxa’ ere eskainiko dituzte.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados