Bizkargi Gogoratuz Elkarteak antolatutako Bizkargi Eguna ospatuko dute domekan Zornotza, Larrabetzu eta Morga batzen dituen mendi tontorrean. Aldarrikapenarekin uztartuta, egitarauan ez dira musika, dantza eta bertsolariak faltako. Ospakizun eguna, Sartikurtz eguna, maiatzaren 3a izaten bada ere, alpalditik jai egunaren ondorengo domekan egiten da Bizkargi Eguna.
Egunari goizeko 11:00etan emango zaio hasiera trikitilariekin eta txistulariekin. Ondoren, 12:30ean, ‘Iragana, oraina eta geroa’ goiburu izango duen ekitaldia hasiko da. Jarraian, Bizkargi 1937 zapantzar taldearen eta Larrabetzuko Bizkargi Dantza Taldearen emanaldiak egongo dira.
Jarraian, Etxanoko Nagusiari harrera egin eta aginte-makina irudikatzen duen txuzoa emango diote. Bertsotan, Xabier Arriaga ‘Txiplas’, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue eta Malen Amenabar arituko dira. Ondoren, Eneko eta Markelek kantaldia eskainiko dute.
13:15ean Dimako ‘Kantu bat gara’ taldearen kontzertuaren txanda helduko da eta, arratsaldean, berriz, Larrabetzuk hartuko du aldarrikapenaren eta festa giroaren lekukoa. Egun osoan zehar ez da janik eta edanik faltako Bizkargiko tontorrean.
Bizkargi Egunaren jatorria
Bizkargi Egunaren jatorria Gorozika, Morga, Etxano, Larrabetzu eta Muxikako parrokietako jendea eta udaletxeetako zinegotziak elkartzen zituen ospakizunean dago. Aspaldian, bertan bildutakoek Etxanoko jabetzakoa den ermitan meza entzun eta ondoren erromerian parte hartzen zuten. Erromeriari hasiera emateko, Etxanoko Udalaren ordezkariak ‘txuzoa’ lurrean sartu behar zuen ermitaren ondoan.
1936ko Gerran hainbat borrokaldi izan ziren Bizkargin euskal gudarien eta faxisten artean, tontorra behin eta berriro irabazi eta galduz. Borrokaldietan ehunka milizianok eta gudarik parte hartu zuten, batailoi desberdinetan antolatuta. 1937an ermita suntsituta geratu zen, baina urte batzuk geroago, 1943ko maiatzaren 16an, berriro eraiki eta inauguratu zuten.
Gerra osteko garaia
Gerra osteko hamarkadetan Santikurtzeak ospatzeari ekin zioten berriro nolabaiteko normaltasunez, meza eta erromeria famatu bilakatuz. Oroitzapen eta aldarrikapen eguna ere bazen, hildakoen senideek eta gudadiek ere parte hartzen zutelarik.
Azken hamarkadetan, Zornotzako Udabarri Dantza Taldea, AEK, Amnistiaren Aldeko Batzordea edo Etxanoko Andra Mari Elkartea arduratu dira Bizkargi Eguna antolatzeaz, testuinguru politiko-sozial berriei egokituta. Azken edizioak berriz, Bizkargi Gogoratuz Elkarteak hartu du bere gain antolakuntzaren ardura.