2021eko Hitzez eta Ahotsez ekimena Lorea Agirrek gaur arratsaldeko 18:00etan Durangoko Arte eta Historia Museoan eskainiko duen hitzaldiarekin hasiko da.
Literaturari eskainitako egitasmoa gauzatzerako orduan antolatzaileek aitortu dute ”pandemiak neurri bateko beldurra eta paralisia sortu” diela. Hala ere 8. edizioa gauzatzea erabaki dute, beti ere “egoerak eskatzen dituen protokoloak betez”.
Hitzez eta Ahotsezen antolatzaileek “betiko bideari” eutsiko diote eta aurten ere puntako hizlari bat gonbidatzea erabaki dute. Lorea Agirre kazetari eta idazlea maitasunaren inguruan mintzatuko da, ekitaldiaren izenburua ‘Maitasuna maiteminetik harago’ izango baita.
Saioko aforoa mugatua izango da eta lekua ziurtatzeko izena eman behar da aldez aurretik 946030020 telefonora deituz.