XVIII. mendeko azken urteetan eta XIX.aren lehen herenean ospetsuak izan ziren Durangoko zidarginak edo plateruak abiapuntu hartu eta ikuskizuna prestatu du durangar talde batek. Herritik eta herriarentzako sortutako proposamen honen bidez, pertsonaia haiek “nortzuk ziren ezagutzera eman nahi dugu, jende askok ez duelako beraien berri”, ‘Plateru’ ikuskizunaren sortzaileetakoa den Aritz Lasargurenen esanetan.
Orain dela urte bete Ixone Aromarekin batera landutako ideia, maiatzean hasi ziren gorpuzten eta lau hilabeteko prestaketen ostean domekan eskainiko dute lehenengo agerraldia, arratsaldeko zazpietan, Plateruena kafe antzokiaren XIV. urteurrenaren ospakizunean.
Durangoko plateruen ideia abiapuntu hartuta, ikuskizunaren gidoia idatzi zuen Erika Lagomak eta, musika sortu duen Matxalen Ertzillarekin eta Lasargurenekin batera, ‘Plateru’ren zuzendaritzaz arduratu da. Sortzaileen asmoa “ez zen ikuskizun historikoa egitea”, baizik eta tradiziotik etorritako dantza eta musika gaur egungo mugimenduekin zein soinuekin uztartzea. Horregatik, eszenatokian azalduko diren 17 partaideek hitzak eta bi garaietako musikak eta dantzak uztartuko dituzte.
Oso saltseroak
Dantza garaikidetik datozen Uribarri Atxotegi eta Ane Gabilondorekin batera, dantza tradizionala landu duten Maider Zubizarreta, Eneko Txintxurreta, Beñat Martinez, Patricia González, Josu Fernandez, Leire Sagastagoia, Uxuri Gallastegi zein Lasarguren eta Lagoma azalduko dira. Musikariak berriz, Juan Antonio Aroma, Jone Ertzilla, Izaro Ertzilla, Iker Hernandez, Irati Sanz eta Matxalen Ertzilla izango dira.
‘Plateru’k proposatzen duen bi garai desberdinen arteko uztartzeaz gain, zidargin haien aitortza zein gaur egungo aldarrikapenak tartekatu nahi ditu. Plateruek, historikoki, Juan Cruz eta Antonio de la Fuente izan dira, nahiz eta beste hiru anaia izan. Juan Cruz koplagile eta soinulari trebea zen eta Antonio, berriz, dantzari bikaina. Biak ala biak grazia berezia zuten eta oso saltseroak omen ziren.
“Sarritan gertatu den moduan, emakumeak historiatik baztertuak izan dira eta horrek nondik tiratzeko hari bat eman digu”
Bi anaiekin batera, arreba bat ere dantzan aritzen zela aurkitu du aspaldiko testuetan Marisa Barrenak. Hariari tiraka, berau Maria Francisca Escolastica zela jakin du eta ‘Plateru’ ikuskizuneko sortzaileek emakume hori ere omendu nahi izan dute agerraldiarekin. “Sarritan gertatu den moduan, emakumeak historiatik baztertuak izan dira eta horrek nondik tiratzeko hari bat eman digu”, azpimarratu du Lasargurenek.
Plateruen erreferentzietatik abiatutako sorkuntza honek, “egungo jendartearekin loturak eta hausnarketak proposatzen ditu”, Lagomaren arabera. Horregatik, “Durangoko plateruen ekarpenak lez, dantza, hitza eta zuzeneko musika ditu oinarrian, eta pasarte batzuetan multimedia baliabideek janzten dute kontakizuna”.
Plateruen filosofiari helduta, “gu, nolabait, beraien ondorengoak garelako eta euretatik zer edo zer dugula kontuan hartuta, gaurkotutako proposamena sortu dugu, hausnarketarako bideak zabalduz”, adierazi du Lasargurenek. ‘Plateru’, hala ere, “disfrutatzeko eta pertsonaia haien izpiritu saltseroa erreibindikatzeko sortu dugu”.