
Barikuan ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna eta Euskaraldiaren bigarren edizioaren itxieraren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Abadiñon Udalak eta herriko erakunde eta elkarteek.
Prestatutako egitaraua gaur bertan abiatuko da Txan Magoak Zelaieta eta Traña-Matienako eskoletan eskainiko dituen saioek. Eskola orduetan izango diren agerraldietan ‘Hausle’ ikuskizuna jarriko du ikusgai. Eskola bietan egingo diren ekitaldiak ‘Etxeko herri txiki infernu handi’ bideoaren emanaldiarekin osatuko dira.
Errota Kultur Etxean, arratsaldeko 17:00etan, egingo den Abadiño 2020 Ipuin Lehiaketaren sari-banaketarekin jarraituko dute gaurko ekitaldiak. Saioa Ainhoa Urienek aurkeztuko du. Areto berean, baina 18:30ean, ‘Akelarre’ filma emango da eta proiekzioa Lorea Ibarra aktoreak aurkeztuko du.
Bihar amaitzen den Euskaraldiaren bigarren edizioarekin bat eginez, ‘Salam’ ikuskizunaren emanaldia prestatu dute. Probalekuan emango diren saioak 17:00etan eta 19:00etan izango dira.
Zapatuan berriz, ‘Erradikalak ginen’ bakarrizketa antzeztuko dute Ane Labakak eta Beatriz Egiazabalek Errota Kultur Etxean, 19:00etan hasita.
Prestatutako egitarauak jarraipena izango du domekan, eguerdiko 12.00etatik aurrera, Errota Kultur Etxean euskararekin zerikusia duten postalen eta argazkien proiekzioarekin eta film laburren lehiaketara aurkeztutako lanekin. Ondoren, sari banaketa ekitaldia izango da.
Datorren barikuan, hilak 11n, Esti eta Mikel Markezen kantaldia egongo da Errotan, arratsaldeko 19:00etan hasita. Sarrerak aretoan bertan eta Udal Mediatekan egongo dira eskuragai 5 eurotan.
Ekitaldi guztiak“ koronabirusaren aurkako neurriekin egingo dira”, Mikel Garaizabal alkate eta Euskara zinegotziak jakinarazi duenez. Eskoletan egingo diren ekitaldietarako izan ezik, gainontzeko guztietarako gonbiteak aldez aurretik hartu beharko dira Errotan edo Udal Mediatekan.