“Txistua, oraindik ere, ezezaguna da publiko handi batentzat”

Sergio Torices Silboberri Txistu Elkarteko kidea eta Bartolome Ertzilla Musika Eskolako Irakaslea da.
Sergio Torices Silboberri Txistu Elkarteko kidea eta Bartolome Ertzilla Musika Eskolako Irakaslea da.

Silboberri Txistu Elkarteak antolatutako ‘Durango Hiria’ txistu lehiaketako lan irabazleak estreinatuko dira bihar, arratsaldeko 19.00etan, San Agustin Kultur Gunean. Elkarteko kide eta Bartolome Ertzilla Musika Eskolako irakaslea den Sergio Toricesek txistuaren etorkizuna bermatuta dagoela ziurtatu du.

-Silboberri txistu elkarteak antolatutako VIII. lehiaketako pieza irabazleak estreinatuko dira zapatuan. Zer nolako lanak dira?

-Musika garaikidea da; oso lan modernoak dira. Normalean, aurkezten diren konpositoreak oso gazteak dira eta kontuan hartuta bizi diren garaia, obra oso garaikideak dira. Kalitate aldetik berriz, goi mailako lanak dira.

-Aurten David Cantalejoren pare bat obra saritu dituzue. Zuen lehiaketan ‘fijo’ bat da, ezta?

Bai, oso konpositore gaztea da eta hainbat sari irabazi ditu gure lehiaketako azken lau edo bost edizioetan. Baina ez da kasualitatea, zeren aurten Pascal Gaigne, Juan José Eslava eta Alfonso Romero Asenjo izan dira epaimahaikideak eta lanak epaitzen dituen taldea aldatzen dugu urtero.

Aurten lehen eta hirugarren sariak eskuratu ditu Cantalejok; lehengoa, bi txistu, silbote, piano eta perkusiorako egindako ‘Akelarre’rekin eta hirugarrena txistu, danbolin eta pianorako egindako ‘Siete miniaturas para txistu y piano’rekin.

Bigarren saria Ciudad Realeko Francisco Domínguezentzat izan da eta txistuaz jotzeko idatzi duen lehen pieza da. Obraren izenburua ‘Siete miradas sobre…’ da eta txistu, danbolin, biolontxelo eta perkusioarentzat egin du.

Saritutako hiru piezak zapatuko kontzertuan estreinatuko dira.

-Zapatuko sari-banaketa ekitaldiko bigarren zatian ez da txisturik egongo.

-Bai, alde batetik sari-banaketa eta saritutako lanak entzungo dira eta jarraian Irauli Laukoteak joko du. Talde hau Euskadiko Orkestra Sinfonikoko Ricardo Ruiz, (biolin), Natacha Dupuy (biola), Gabriel Mesado (biolontxelo) eta Javier Lecumberrik (oboe) osatzen dute eta ekitaldian Mozarten ‘Fa maiorreko kuartetoa KV 370’ eta Joaquín Á. Lecumberriren ‘Zazpi bariazioak ‘Amodioa zein den zoroa’ obrak joko dituzte. Kontzertura doan %80ak badaki musika garaikidea entzungo duela eta ekitaldia oso dentsoa izango dela. Irauli laukotea ekartzea erabaki genuenean beste sentsazio batzuk eragitea nahi genuen.

-Lehiaketara aurkezten diren obretan txistua beste edozein instrumenturekin uztartzen da. Beraz, ‘normalizatuta’ dagoela esan daiteke edo egiteko asko gelditzen da oraindik?

Sorkuntza aldetik txistua beste edozein instrumenturekin parekatu daiteke. Konpositoreek argi daukate txistuarekin beste edozein instrumentu heltzen den lekuraino heldu daitekeela. Jende askok pentsatzen du txistua oraindik kalejiretarako eta dantzan egiteko bakarrik balio duela eta publiko handi batentzat oso ezezaguna da.

Egia da egiteko asko dagoela oraindik, nahiz eta instrumentu zaharrenetakoa izan eta milaka urte dituen. 50 edo 60 urte bakarrik izango ditu kontserbatorioko ikasketa ofizial bezala; hau da, jaioberriak gara.

Txistu baxua

-Silboberriren helburuetako bat txistua eta bere familiaren garapenaren inguruan lan egitea da. Orain dela denbora gutxi arte txistua eta silbotea ziren familiarko kideak, eta orain?

-Betiko banda, tradizionalki, txistu lehena, txistu bigarrena, silbotea eta atabalak osatzen dute. Baina silbotea ez da baxu bat; bigarren ahotsa izango litzateke. Eta txistuaren familian bera baino zortzidun bat baxuagoa duen instrumentua falta zen. Txistu baxua Silboberriko kideak diren Aitor Amilibia, Iñaki Imatz  eta Jesús Alonso zenak asmatu zuten eta iazko urrian Durangon emandako kontzertuan estreinatu genuen. 12 edo 13 urteko ikerketa lana suposatu zuen JAI (Jesús, Aitor, Iñaki) deitu duten instrumentua asmatzeko.

-Silboberrik txistu, danbolin eta akordeoirako pieza bat egitea eskatu dio Musika Sari Nazionala jaso duen konpositore bati. Noiz izango da estreinaldia?

-Hala da. Konposizio bat egitea eskatu diogu José María Sánchez Verdú-ri eta obra hori datorren urtean estreinatuko dela uste dugu.

-Konposizio berriak bultzatzeaz gain, txistuarekin lotura duten pieza zaharren ikerketa ere egiten duzue. Konposizio asko dago ikertzeko oraindik?

-Txistu konposatzaile emankorra izan zen Rodrigo de Santiago. Ehunka obra egin zituen baina bere lanak galduak zirela uste zen. Guk Galizian aurkitu genuen bere artxiboa, bere familiak zuen trasteleku baten. Partitura guztiak ekarri genituen pixkanaka eta ordenagailura pasatu eta editatu genituen. Baina Silboberriren eginkizuna aurrera begirakoa da; hau da, konpositore eta obra berriak bultzatzea.

-Trikitia eta beste instrumentu tradizionalen gorakadak txistuaren krisialdia eragin zuen, baina osasun-egoera onean dago gaur egun.

-Sasoi baten trikitia alde guztietan agertzen zen. Gaur egun antzerako zerbait gertatzen da txalapartarekin eta horren eredu da Oreka TX edo Kalakan-en arrakasta.  Betikoa egiten jarraitu balitz, txalaparta ez zen bere esparrutik irtengo; gaur egun txalaparta Madonnaren kontzertu baten agertu da…

-Bartolome Ertzilla Musika Eskolako irakaslea zara eta zure ikasleek hainbat sari irabazi dituzte.

Bai. 34 ikasle ditut eta euretako pare bat aurkeztu dira Hernaniko Txistulari Gazteen Txapelketara. Orain dela bost urte hasi ginen joaten. Lehenengoan, Gorka Pagonabarraga aurkeztu zen eta bera izan zen txapelketako partaide gazteena. Hurrengo urtean ere aurkeztu zen eta orduan bigarren saria lortu zuen. Azken hiru edizioetan lehen saria irabazi du, azken biak 13 eta 16 urte bitartekoen mailan. Azken bi edizioetan Mikel Gonzalez ere aurkeztu da eta bietan irabazi du lehen saria 9 eta 12 urte bitartekoen mailan.

-Etorkizuna, beraz, bermatuta dagoela esan daiteke?

Bai. Gainera gure kasuan akordio bat dugu Tronperrirekin kalejiretan eta dantza ekitaldietan laguntzeko. Beste gauza bat da profesionala izateko erabakia hartzea. Erabaki hori 15 urterekin hartu behar da eta txistulari profesionala izateko erabakia hartzea adin horretako gazte batentzat, oso gatxa da.

Durangon Whatsapp
1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (1 votos, media: 5,00 sobre 5)
Cargando…

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios. Más información

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar