
Aurreko astean hasi eta ekainaren 16ra arte iraungo duen Mallabiko Kultur Hamabostaldiak hainbat proposamen iragartzen ditu aste honetarako, herriko Jasokunde abesbatzaren 25. urteurrenaren ingurukoak tarteko.
Gaur bertan, koruaren 25 urteko ibilbidea gogoratzen duen erakusketa irekiko da Kontzejuzarrean eta esposizioa ikusgai egongo da barikura arte, arratsaldetan 18:00etatik 20:00etara.
Jasokunde abesbatza asteko protagonista nagusia izango da zapatuan kontzertua eskainiko baitu frontoian, iluntzeko 20:00etatik aurrera. Herriko kantariekin batera, agertokian egongo diren Mendibil eta Lagun Artean abesbatzen saioekin osotuko da ekitaldia.
Ikus-entzunezkoak eta tartea izango dute aste honetako egitarauan. Eguenean, 19:00etan, Menditour zikloko dokumentala emango da Kontzejuzarrean eta igandean, leku berean baina 17:00etan, ‘Volar’ filma emango da Nahikari Emakume elkartearen ekimenaren bidez.
Guraso elkarteak eta Udalak umeentzako prestatutako mendi martxa egongo da zapatuan, goizeko 10:00etan plazatik abiatuta eta goizean zehar Mallabia Cup benjamin mailako txapelketako partiduak egongo dira eskolako frontoian eta CIP-en.
Domekan, goizeko 11:00etatik aurrera, Mallabia pilota elkarteak antolatutako Mallabia II. pilota jardunaldia jokatuko da frontoian.