
Euskara ikasteko eskaintza malgua eta osasun-neurrietara egokitutako eskaintza zabala eskainiko dute 2020-2021 ikasturtean Zornotzako Udal Euskaltegiak, AEKk eta Barnetegiak.
Zentro bakoitzean matrikulatutako ikasleen segurtasuna bermatzeko hartuko diren osasun-neurriak izango dira ikasturte berriko berrikuntza aipagarrienak. Izan ere, ikasle-ratioak murritzea, maskararen erabilera eta pertsonen arteko distantzia bermatzeaz gain, eskuetako higienea ere sustatuko da.
Ikasturte berriaren matrikulazio kanpainaren aurkezpena egin zuten atzo Amaia Aurrekoetxea Amorebieta-Etxano Udaleko Euskera zinegotziak; Idoia Zuloaga Udal Euskaltegiko zuzendariak; Maribi Zubiaga Zornotzako Barnetegiko zuzendariak eta Igor Landaluze Zornotzako AEKko arduradunak.
Hiru zentroek prestatutako eskaintza zabala bada ere, modalitate presentziala nabarmendu zuten aurkezpen ekitaldian. Horrekin batera, ikastaro intentsiboak zein online modalitatean ikasketak egiteko aukera dagoela ere gogoratu zuten.
Amorebieta-Etxanoko Udalak, aurten ere, “diru-laguntzak emango ditu udalerrian bizi diren ikasleentzako” adierazi zuen Aurrekoetxeak, ikasturte honetarako irizpideak eta baldintzak malgutu egingo direla nabarmendu aurretik.
Bestalde, euskararen erabilera sustatu eta hizkuntzaren inguruko harremanak zabaltzeko helburua duen ‘Berbaldiak’ ekimena, urrian jarriko dela martxan gogoratu zuen Aurrekoetxeak.