Pentsiodunen aldarrikapenekin bat egiteko helburuarekin ‘Lan-pentsio-bizitza duina’ goiburuarekin deitutako greba orokorraren prestakuntzak egiteko hainbat ekimen burutuko ditu egunotan Durangoko Greba Batzordeak. Urtarrilaren 30erako mobilizazioren deialdia euskal sindikatuek eta hainbat eragile sozial biltzen dituen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egin du.
30eko grebaren prestakuntzak bihar bertan hasiko dituzte Durangon, Udal Euskaltegian, 18:00etan, egingo den bilerarekin. Bertan, Durangoko Greba Batzordean elkartutako Pentsiodunen mugimenduko kideekin batera, Oneka jubilatuen plataforma, Mugimendu Feministak, Ernaik, San Fausto Auzo Elkartea, Erabaki, ELA, LAB, Etxalde zein EHNEko ordezkariak egongo dira. Martitzenean, 14an, bilera berri bat egingo dute leku eta ordu berdinean.
Etzi, herri-argazkia aterako dute Landako gunean eguerdiko 12:00etan eta urtarrilaren 25ean, 18:00etan, ekitaldi irekia egingo dute Ezkurdin.
30eko Greba orokorraren deialdia bi urtez egindako mobilizazio indartsuen ondoren emandako “jauzi kualitatiboa” dela adierazi dute eragileek; izan ere, borroka horrek “gaurko pentsiodunei eta etorkizunekoei, guztioi eragiten digu”.
1.080 euroko gutxieneko soldata edota eros-ahalmena legez bermatzea aldarrikatzeaz gain, mobilizazioaren bidez “prekarietatearekin amaitu eta lan baldintzak duintzeko neurriak” hartu beharra dagoela uste dute. Horretarako, 35 orduko lanaldia eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea edo soldata-arrakalarekin amaitzea eskatzen dute, besteak beste.
Deialdiarekin bat egiten duten eragileen arabera “azken urteetan murrizketekin kendu diguten guztia berreskuratzeko” garaia da. Gainera, helburuak lortu arte “planeta suntsitzen ari den sistema ekonomiko eta sozial kapitalista, neoliberal, patriarkal honek ezartzen duen logikaren aurka” borrokatzen jarraituko dutela diote.