Elorrioko Udalak “epe laburrean abian jarriko dituen laguntza zuzen eta espezifikoen lerro berriak” ezartzeko asmoa agertu die herriko ostalariei. Iragarritako laguntzen lerro nagusiak zehartu barik badaude oraindik, Covid-19aren pandemiaren eraginagatik jasotako azken murrizketei aurre egiteko bideratuko dira.
Udal gobernuak eta oposizioak herriko ostalariekin barikuan egin zuten bileran eman zen asmo horren berri. Bilkura horretan, taberna eta jatetxeen jardueraren etenaldiagatik izandako galerak estaltzen laguntzeko bideratuko direla adierazi zuten Udal ordezkariek.
Elorrioko Udalak hainbat neurri hartu ditu martxoan osasun krisialdia hasi zenetik. Azaroaren 11n ostalariekin egindako bileran, “100.000 euroko laguntza-lerro orokor bat jarriko genuela abian mikroenpresentzat eta autonomoentzat” gogoratu zuen Maria Herrero alkateorde eta Gizarte politiketako zinegotziak. Laguntza lerro horrek eskatzeko epea abenduaren 28an ireki zen.
Pandemiak saltokietan, ostalaritzan eta autonomoei eragindako ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko bestelako laguntzak ere eman ditu Udalak. Sektore horiek zaborrarengatik eta bide publikoa okupatzeagatik ordaindu beharreko tasak ordaintzetik salbuesteaz gain, ekonomia suspertzeko erosketa-bonuen kanpainetara 30.000 euro bideratu zituen. Maiatzean berriz, 40.000 euroko hasierako kreditua jarri zuen martxan Udalak, alarma egoeragatik jarduera uztera behartuta egon ziren negozioentzat.
Ostalarien kritikak
Ostalarien kolektiboak Udalak abenduan argitaratutako laguntzak jasotzeko baldintzak kritikatu zituen. Oinarrietan azaltzen denez, 2019ko datuekin alderatuta, 2020ko apirila eta iraila bitartean diru-sarreren %60aren murrizketa frogatu behar zutelako, eta baldintza hori ez zen establezimendu gehienetan betetzen.
“Kontuan hartu ziren hilabeteak ikusita, baldintza zorrotzegia izan dela adierazi digute, baina lanean jarraitzen eta jarraituko dugu ostalariek egungo egoera arintzeko laguntzak jaso ditzaten”, adierazi zuen Herrerok.