Banner en desktop Banner en moviles
FP Zornotza
Maristak Durango
San Agustin Kultur Gunea Durango
Amorebieta-Etxanoko Udala

Durango eta durangarrak protagonista izango dituen jaia

Erronka sukaldaritza probako parte-hartzaileak.
Erronka sukaldaritza probako parte-hartzaileak.

Hilabete barru izango da Durangon 2016ko Ibilaldia eta antolatzaile, laguntzaile eta kolaboratzaileek buru belarri dihardute azken prestaketekin, datorren maiatzaren 29rako dena behar bezala antolatua izateko. Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolek prestatuko duten Bizkaiko Ikastolen jaia, herrian ospatzen den laugarrena izango da, aurreko hirurak 1980an, 1992an eta 2005ean egin baitziren. 

Ibilaldiaren helburua Euskal Herri osoko milaka euskaltzale eta ikastolen aldeko esfortzua egiteko prest dauden herritarrak erakartzea denez, ekimenez betetako egitaraua prestatzen ari da herriko hainbat eragile.

Antolatzaileek argi eta garbi aitortu dute Ibilialdiaren helburu nagusia ekonomikoa dela. Horregatik, diru-irabazia Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolek haur txikienetatik hasi eta helduarorainoko eskaintzen duten heziketa proiektuei eusteko bideratuko da. Lortzen den erdia “Kurutziaga Ikastolako Haur Hezkuntzako eraikina berritzeko erabiliko dugu” eta beste erdia “Ibaizabal Ikastolako Batxilergoko eraikin berriaren zorra ordaintzeko erabiliko dugu”, adierazi dute antolatzaileek.

Bi zirkuitu eta bost gune

Aurtengo Ibilaldiak izango duen berezitasunetako bat zirkuituari dagokio. Ohikoa den zirkuitu bakarraren ordez, bi ibilbide izango dituzte aukeran, antolakuntzatik aipatu dutenez. Guztiz zehaztu barik badago ere, bata luzea izango da eta herriaren kanpoaldetik joango da, bigarrena herri barrutik izango delarik, azken honek “gune guztiak lotuko ditu baina ibilbidea laburragoa eginez”.

Gune guztien kokagune zehatza erabakitzeko badago ere, guztira bost izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Hauetako bi, herriko bi ikastoletan kokatuko dira; bata “Ibaizabalen egongo da, aurkezpen ekitaldia hartuko duena” eta beste bat Kurutziaga ikastolan jarriko dute. Gainon-tzeko hiru guneen kokagunea hurrengo egunetan adostuko dute Udalarekin, zirkuituaren nondik-norakoaren arabera.

GeuBe Circuitos Adpatados Silla Ruedas
Geu Be elkarteak ‘egokitutako zirkuituak’ prestatuko ditu.

Zirkuituko gune guztiak tematikoak izango dira eta bakoitzaren ardatza kirola, musika edo kultura izango da. Gainera, antolatzaileek ahalegin berezia egin dute Durangoko taldeen partaidetza nabarmentzeko eta herriko taldeek gogo onez hartu dute jasotako gonbitea. “Musikari eskainitako gunean, esaterako, herriko taldeek bertan jotzeko aukera izango dute”.

Musika taldeak ez dira parte hartuko duten bakarrak. Maiatzaren 29ko jaiarekin kolaboratzeaz gain, Durangoko kirol, kultura, aisia, gizarte, ongizate eta gainontzeko hainbat elkartek “herriarekiko dugun atxikimendua erakusteko eta aldarrikatzeko balioko digu”, bertan izango diren zenbait partaideren esanetan.

Horren eredu dira Geu Be elkarteak prestatuko dituen ibilbideak, Tabirako taldeak kudeatuko duen saskibaloi gunea edo Jaizale txistulari taldeak zirkuituan zehar egingo duen kalejira.

Hezkuntza premia bereziak dituzten haur eta gazteen familien Geu Be elkarteak, ibilbidean zehar ‘egokitutako zirkuituak’ prestatuko ditu, “edonork proba ditzan eta desgaitasuna duen pertsona baten lekuan jar daitezen”, Jose Alfaro elkarteko koordinatzailearen esanetan.

Ariketa horien bidez “desgaitasuna duten pertsonek egunerokotasunean aurkitzen dituzten oztopoak” biziko dituzte. ‘Itsuen zirkuituak’, esaterako, itsuek aurkitzen dituzten arazoekin jabetzeko aukera emango du; begiak estalita eta makila eskuan duela, “amildegi baten dagoela pentsatuko du”. ‘Gurpil-aulkien zirkuituak’ berriz, tresna horren erabiltzaileek egunero gainditu behar dituzten oztopoen antzekoak saihestu edo gainditu beharko dituzte.

Herriaren zati bat

Tabirakoko kideek berriz, “pare bat ordu iraungo duen 3×3 itxurako lehiaketa bat antolatuko dugu”, taldeko lehendakaria den Ina Mendibek azaldu duenez. Kanposantu inguruan dagoen Urki kaleko saskietan egingo den ekimen hori ez da saskibaloiari lotutako bakarra izango, “Cafés Baquék Landako Gunearen inguruan jarriko duen karpan saskiratze saiakerak egiteko aukera izango baitute umeek”.

Jaizaleko txistulariek bestalde, “Hego Euskal Herri osoan ezagunak ditugun txistulariak gonbidatu ditugu”. Bertaratutakook “kalejiran joango gara prestatuko dugun ibilbide bat eginez”, Juan Antonio Aromaren esanetan.

Jaizaleko txistulariak, Abadiñon.
Jaizaleko txistulariak, Abadiñon.

Egun horretan bilduko diren txistulariek ez dute ohiko errepertorioa joko, “Durango, Durangaldeko edo eskualdearekin lotura duten musikarien piezak aukeratu ditugulako. Gonbidapenarekin batera Felipe Amezua, Alejandro Aldekoa, Andrés Granados edo Federico Cortoren obrak bidali dizkiegu. Baita Egigurenek berak, Ander Ertzillak eta Ane Belaustegiren Karnabaletako biribilketak” eta Ertzillak Ibilaldiko Dagigun! kantarentzat egindako doinuak ere “jotzen ahaleginduko gara”.

Horren zeregin desberdineko elkarteek Ibilaldia bezalako jai batean parte hartzea “guztiz normala” dela uste dute Alfaro, Mendibe eta Aromak, “bakoitzak geure egunerokotasunean zer egiten dugun erakusteko aukera ematen digulako” eta “herriaren zati bat garela sentiarazten digulako”. Geu Be elkarteak esaterako, “pertsonen normaltasuna aldarrikatzen dugu eta harro sentitzen gara elkarte normaltzat hartu gaituztelako”.

Durangok bisitarien aurrean izango duen “anfitrioi irudia” eta ikuspegi horrek “herrian izango duen eragina” azpimarratu du Mendibek. “Asko dugu jokoan eta irudi ona lortzea oso garrantzitsua da; jendea Durangora itzultzeko gogoz joan behar du etxera. Dena ondo joanez gero, euskararen bihotza izaten jarraituko dugu eta eskualdeko erdigunea izatea ere funtsezkoa da”.

Euskarari bultzada

Alfarok berriz, Ibilaldia herrian ospatzeak eragiten duen “poztasuna eta ilusioa” azpimarratzen ditu. “Horrelako jai erraldoi bat herrian izateak poztasuna eragiten du herritarren artean eta jendea alai egonez gero guk ere bat egiten dugu alaitasun horrekin. Gainera, gure elkarteko kideen artean Ikastolako ikasle ohiak daude eta ikastolen proiektuak gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren diru-irabaziak lortzera bideratuko da gure ahalegina”.

Ibilaldia eta antzeko jaietan zenbait gaztek izaten duten jarrerez eta sarritan errepikatzen den arazo batez ere ohartarazi dute solaskideek, botilloiarena alegia eta “sarritan kritikoak izan gara arazo horrekin”. Durangon egindako azken edizioan “goizeko hamaiketan” mozkortutako gazteak ikusi zituela aitortzen du Aromak.

Hala ere, arazo horren gainetik ospakizunak ekarriko dituen onurak azpimarratzen dituzte solaskide guztiek, “giro aldetik zein lortzen diren diru-irabaziengandik”. Gainera, “euskarak hartzen duen bultzada” ere azpimarratzen dute, bai ikastolak mugimendu bezala dituen premiengatik zein hizkuntzaren normalizazio aldetik.

2016ko Ibilaldiaren baitan izaera eta ezaugarri ezberdineko ekitaldi ugari burutu dira azken asteetan. Aurtengo goiburua den ‘Dagigun!’ izenburuko kanta ofizialaren eta bideoaren aurkezpen ekitaldiaz gain, Andoni Egaña eta Oihana Bartra bertsolariekin egindako bertso afaria, 200 gaztetik gora bildu zituen sukalde proba edo herriko bost gune desberdinetan eskainitako Dantza eta musika saioak ospatu dituzte dagoeneko, besteak beste.

Maiatzaren 29ra arte gelditzen den hilabetean, Ibilaldiari lotutako beste ekitaldi ugari egingo dira Durangon eta horien artean aipatzekoa da maiatzaren 15erako iragarrita dagoen Mendi lasterketa.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados