
Atxondoko Udaleko Gobernu Taldeak “positiboki” baloratu ditu joan den urrian abian jarritako aurrekontu parte-hartzaileak. Ekimen horretan herritarrek egindako hogeita hamar bat proposamen jaso dira eta Udalaren lehenengo jarduera herriko hiru hilerrietako irisgarritasuna hobetzea izango da.
Gobernu Taldea “banan-banan” aztertzen ari da jasotako proposamen guztiak, hauen “bideragarritasuna ikusteko eta gauzatu ahal izateko. Oraingoz, kanposantuetan obrak egingo ditugu, dauden egoera nahiko txarra delako eta bizilagun askok lehenbailehen jardutea eskatu dutelako”, Xabier Azkarate alkatearen esanetan.
Axpen, Arrazolan eta Apatamonasterion dauden hilerrietako irisgarritasuna hobetzeko 30.000 euro bideratuko dira. “Auzokideek hobekuntzak eskatzen zituzten kanposantuetan, hauen egoera txarra dela eta», adierazi du Azkaratek.