Abadiñoko EH Bilduk “Matienako eskoletako atezaina/mantentze lanpostua kentzeko erabakia berriz azter dezatela” eskatu dio Abadiñoko EH Bilduk Gobernu Taldea osatzen duten EAJ eta Abadiñoko Independenteak taldeei.
Gaur egun Matienako eskoletan funtzio horiek betetzen dituen langileak erretiroa hartuko du urriaren 22an eta Gobernu Taldeak ez ordezkatzeko asmoa agertu du, koalizioak adierazitakoaren arabera. Orain arte langile horrek egiten zituen lanak udal brigadak egingo ditu aurrerantzean, baina “ez da langile bakar bat ere brigadan sartuko, 21-22 ikasturtera arte behintzat”, adierazi dute.
Egoera horren aurrean “nork egingo ditu atezaintza-lan horiek?” eta “nola egingo die aurre udaleko langile taldeak, langile bat gutxiago izanda, Covid-19ak are gehiago larriagotu dituen Abadiñoko beharrei?”, galdetzen dute koalizioko kideek. Gainera, lanpostu hori ez betetzeak zentroaren kalitatea jaisteko arriskua ikusten dute, orain arte egon den pertsonak irtenbideak bilatzen zituelako arazo ezberdinen aurrean.
Lanpostua behin-behinean mantentzeaz gain, “Abadiñon mantentze-lanen arloan dagoen premia handiari nola eta zer baliabiderekin aurre egin eztabaidatzea, eta beharrezkotzat jotzen ditugun baliabideak ditugunean soilik udal plantilla berregituratzea” ete eskatzen dute.