
Herriko jolasguneen egoera eta mantentze lanekin arduratuta dagoela eta, umeentzat atondutako gune horietako segurtasun baldintzak eta erabilgarritasuna bermatzeko ekintza plana beharrezkoa dela uste du Abadiñoko EH Bilduk.
Koalizio soberanistaren arabera Udalak sarri askotan ez ditu jolastokietako segurtasun baldintzak bermatzen, horren betebeharra duen arren. “Batzuetan egoera arriskutsuak” suertatzen dira eta “beste hainbatetan denbora luzez erabilezin egoten dira”.
Gaur egun, Muntsaratzen, Zelaietan zein Matienan haurrek jolasteko erabiltzen dituzten guneetako “zorua altxatuta edota apurtuta” dagoela zenbait lekutan diote, “eta ‘txintxaun’etako hainbat elementu erdi solte edota apurtzeko arriskuarekin izaten dira, eta ez beti bandalismoagatik”, EH Bilduren arabera.
Egoera hau ekiditeko “eta gure herriko haur eta gazteek gune seguru eta erabilgarriak izateko, prebentziozko mantenu plan bat gauzatzea” beharrezkoa ikusten dute. Horrez gain, “guneen jarraipen egokia” egin beharra dagoela uste dute “eta plana garatzeko beharrezkoak diren bitartekoak eskaintzea”.