Elorrioko Erdella Mendizale Taldeak urtero antolatzen duen Mendi astearen edizio berri bat hasiko da astelehenean eta iragarritako hitzaldien artean alpinismoa eta mitologia, Himalaya, Islandia eta eskalada izango dira hizpide. Saio guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira.
Lehenengo hitzaldiko protagonista Koke Lasa mendizale ormaiztegiarra izango da, eta bere berbaldian alpinismoa eta mitologia uztartuko ditu. ‘Aketegiko Mari’ izenburua izango duen berbaldian, Euskal Herriko paisaia ederrez gozatuz egindako kontakizuna eskainiko du.
Phelipe Eizaguirre argazkilaria izango da martitzeneko protagonista eta ‘Neguko Himalaya ganberaren atzean’ emango duen solasaldian altueran grabatzeko aholkuak eskainiko ditu. Alex Txikonek antolatzen dituen espedizioetako kide den argazkilari bilbotarrak mendia eta itsasoa ditu gustukoen.
Gainerako hitzaldiak Iturri kultur etxean izango badira, eguaztenean Igone Mariezkurrena kazetari, antropologo eta abenturazaleak eskainiko duena Gaztetxean izango da. ‘Westfjords Islandia bizikletaz’ izeneko solasaldian, herrialde hartan bizitako gorabeherak azalduko ditu.
‘Arrokatik nire bizitza’
Azken solasaldiko protagonista Martin Urrutia eskalatzailea izango da eta ‘Arrokatik nire bizitza’ izenburua duen berbaldian, bildutako esperientziak azalduko ditu. Kirolari elorriarrak, besteak beste, Gaubean uztartutako 9a graduko ‘Psikoterapia’ bidea lortu zuen 19 urterekin, eta iaz, Oñatiko Araotz auzoan dagoen zailtasun bereko ‘Menage a trois’ egitea lortu duen lehenengo eskalatzaile da.
Mendi asteko ekitaldiak barikuan egingo den Erdella Mendizale Taldearen urteko asanbladarekin eta ondoren egingo den luntxarekin osatuko da. Bilera Kirol etxean izango da, 18:00ean hasita.