Txistuaren zabalkundearen alde lan egiten duen Udazken Txistulari Taldeak, Zornotzako XIX. Txistu Eguna ospatuko du bihar arratsaldean eta bertan Euskal Herriko hiri eta herri desberdinetatik gerturatutako zazpi talde bilduko dira.
Ekimena antolatzen duen Udazken taldeaz gain, Iruñeko Larriberri Txistu Elkartea, Eibarko Usartza Txistulari Taldea, Urduñako Getxagoi Txistulari Taldea, Lekeitioko Itxaropena Txistulari Taldea, Bermeoko Kankinkabara Txistulari Taldea eta Durangoko Jaizale Txistulari Taldea bilduko dira.
Eguneko ekitaldiak arratsaldeko bostetan hasiko dira, ordu horretatik aurrera herriko alderdi ezberdinetatik kalejira egingo baitituzte bertaratutako taldeek. Partaideak Ogenbarrena, Gane, Ixer, Sabino Arana, Zubibitarte, Zubipunte, Vivendas de Vizcaya, San Juan, Santa Ana eta Andrandi auzoetara gerturatuko dira.
Ordu bete geroago Zelaieta Zentroan bilduko dira talde guztiak herritik zehar kalejirak eta kontzertu laburrak eskaintzeko. Udaletxe plaza zeharkatu ondoren San Pedro kaletik San Miguelera joango dira eta ondoren kontzertua emango dute Gernika plazan.
“Folklorearen elementu garrantzitsua”
Hurrengo saioa Andra Mari plazan eskainiko dute eta jarraian Ibaizabal kaletik Ogenbarrenara joango dira beste kontzertu bat eskaintzeko. Venecian eta Harrisonen saio berriak eskaini ondoren Luis Urrengoetxea kalera abiatuko dira eta azken ekitaldiak Euskal Herria eta Kalbario plazetan eskainiko dituzte.
Udazken Txistulari Taldeko kideen esanetan “txistua herri folklorearen elementu garrantzitsu bat dugu eta bera zabaltzea eta herriko bizitzan uztartzea” dute helburu. Horretarako, urteko igande guztietan, abuztuan izan ezik, kalejira jotzen dute eta, era berean, herriko auzoetako jaietara ere joaten dira.
Horrez gain, urtero Karmengo Jaietan Txistularien Kontzertu Nagusia antolatzen dute, eta bertan txistulariez gain, metalek, abesbatzak, dantzariek eta kantariek parte hartzen dute.