Miarritzeko G7 gailurraren kontrako mobilizazioetan atxilotutakoei babesa emateko kontzentrazioa deitu du Abadiñoko ezker abertzaleak biharko, arratsaldeko 7:30ean, Txanporta plazan. Ekimen horren bidez elkartasuna adierazi nahi diote G7 Ez! kontragailurrean atxilotutako herritarrari zein gainontzeko 160 lagunei, abadiñarra bihar bertan epaituko baitute Baionan.
Abuztuaren 24, 25 eta 26an Miarritzen burututako G7 gailurra eta horren inguruan burututako G7 Ez! kontragailurraren ondorioz atxilotutako batzuk preso jarraitzen dute oraindik. Abadiñoko herritar bat ere atxilotua izan zen, eta dagoeneko aske bada ere, bihar izango du epaiketa Baionan.
Mendebaldeko potentzia handiek egindako G7aren gailurra “nagusitasunaren sinboloa da” ezker abertzalearen arabera. Miarritzeko ekimenak “kapitalismoa betikotu eta neoliberalismoan sakontzeko konpromisoak hartzea” dituela helburu nagusiak adierazi dute. Gainera, “konpromiso horien arabera erabakitzen dituzte beste herriei inposatuko zaizkien politikak“, ezker abertzalearen esanetan.
G7 Ez! plataforman bildutako Euskal Herriko zenbait herri mugimendu, sindikatu eta alderdiek berriz, hainbat ekimen burutu zituzten gailurrak eragindako ezberdinkeria, pobrezia eta hondamendi ekologiko zein klimatikoaren kontra. Horrekin batera, “G7-ak ordezkatzen duen kapitalismo basatiari” ezetz esateaz gain mundu berri baten aldeko alternatibak partekatzearen alde agertu ziren.