
Atxondoko Axpe elizateak San Juan jaiak ospatuko ditu gaur hasi eta domeka bitartean. Ospakizunak 11:30ean hasiko dira meza nagusiarekin eta adinekoen luntxarekin eta arratsaldeko 17:00etatik aurrera briska txapelketa eta esku pelota partiduak egongo dira.
Iluntzeko 21:00ak aldera txopoa jasoko dute trikitilariek jarritako musikaren laguntzarekin eta ondoren San Juan suak piztuko dituzte. Eguna osatzeko berakatz zopa eta txokolatea banatuko dituzte eta Puro Relajo taldeak eskainitako rantxerak eta DJ Bullek jarritako musikarekin osatuko dute gaurko egitaraua.
Apustu berezia eta krono eskalada
Bihar ospatuko den San Juan eguneko ekitaldien ardatza apustu berezia eta ‘krono eskalada’ izango dira. Alde batetik, plaza osoa laukietan banatuko dute eta abere batek pekotza egiten duen laukia hartu duenak irabaziko du apustua. Bestalde, arratsaldeko 17:30ean hasiko den ‘krono eskalada’n parte hartzen dutenek plazatik irten eta Mengi-Goikoa arteko igoera egin beharko dute antolatzaileek jarritako bizikletarekin.
Eguneko egitaraua goizeko 11:00etan abiatuko den gazteen mendi irteerarekin eta ordu erdi geroago emango den mezarekin hasiko da. Arratsaldean mus, bakailao eta tortilla txapelketak egongo dira eta gauean egongo diren herri afaria eta 22:30etatrik aurrera ‘Axpeko albistegia’ eta Luhartzen erromeriarekin osatuko da patroiaren eguna.
Umeen eguna ospatuko dute domekan, nahiz eta goizeko ekitaldiak lehenagoko eta gaur egungo baserri makinaria eta tresnen feriarekin abiatuko diren. 11:30ean meza egongo da, ostean Andasto dantza taldearen ekitaldia hasiko da eta 13:00etan mus txapelketaren finalak eta gazteen esku pelota partiduak jokatuko dira.
Arratsaldeko 18:0etatik aurrera egongo diren ipuin kontaketa saioak, umeen jolasak eta txokolatadak osatuko dute aurtengo jai egitaraua.