‘Sanfaustoetako’ txupineroek 2001. urtean hasitako ohiturari ekingo diote gaur. Azken bi urteetako Covid19aren pandemia alde batera utzita, Durangoko jaiak hasteko izendatu zituzten herritarrak ohiko hitzordua izango dute.
“Txupina bota dugunok, 2001. urtean hasi ginen biltzen bazkari edo afaria eginez; horrela, 22 urtetan 20 bider batu gara”, Juanan Aroma txistulariaren esanetan.
Aurten, 27 lagun batuko dira, hitzorduan ez direlako egongo txupinero izandako Juanjo Moreno eta Kontxi Onagoitia. Lehena, 2021eko martxoaren 23an hil zen, eta bigarrena aurten, apirilaren 23an.
Txupineroek 13:00etan elkartuko dira Pinondon, txupinazoaren jaurtiketa sinbolikoa egiteko eta ondoren, Kili Kolo elkartean egingo duten bazkariarekin osotuko dute eguna.
San Fausto jaietako lehen txapligua 1976. urtean bota zen airera eta isiotzeko ohorea Ina Oleagak izan zuen. Orain arteko azkena berriz, Matias Oregik piztu zuen 2019. urtean.