Erdella Mendizale Taldearen 2018ko Mendi Asteak Joseba Elustondo eta Jon Garate elgoibartarren ‘Kotoizko zaindariak’ pelikula eskainiko du gaur, arratsaldeko 19:30etan, Iturri Kultur Etxean. Pelikula horrek bi mendizaleek Patagoniako Cerro Torre mendian egindako eskalada saioak jasotzen ditu.
‘Kotoizko zaindariak’ film laburra Elustondo eta Garateren ametsei eta erronka pertsonalei buruzko ikus-entzunezkoa da. Izan ere, “ideia batek zure burua zeharkatzen duenean, ez dago atzera bueltarik…”, bi mendizaleren arabera.
Astelehenean hasitako Mendi Asteak Sonia Casas izan zuen lehen gonbidatua, eta bihar Mikel Zabalzaren ‘Escaladas en el Karakorum’ pelikula eskainiko da Gaztetxean. Mendizale iruindarraren filmean Torre de Trangon eta Changui Toweren irekitako bideez gain, K2ra egindako igoera edo G2an egindako saiakeraren berri ematen da, besteak beste.
Mendi Tour, Bilboko Mendi Film Festival jaialdira aurkeztutako film onenen emanaldia izango da eguenean Arriola Antzokian. Edizio honetako azken emanaldia barikuan Iturri kultur Etxean izango da eta ekitaldian Aitor Arbuluren Kanadako bidaiari buruzko ‘Expect the unexpected’ ikus-entzunezkoa izango da ikusgai.
Zapatuan Erdella Mendizale Taldearen urteko asanblada egingo da taldearen lokalean, arratsaldeko 16:30etatik aurrera.