
Durangaldeko eta Zornotzako ia 50 baserritar, nekazari eta ekoizle biltzen ditu Durangaldea Elikadura ekimenak. Eskualdean egin edo ekoizten diren ortuariak eta fruta, eztia, edariak, arrautzak, algak, kontserbak, ogia eta gozokiak, behi, txahal eta txerri okela edo behi eta ardi esnekiak saltzen dituztenen helburua “eskualdean bertako produktuen kontsumoa sustatzea eta ekoizleak nahiz saltokiak babestea da” eta guztien zerrenda durangaldeaelikadura.eus webgunean eskuratu daiteke.
Saioa Mantzizidor abeltzain zornotzarra elkarte horretako zein Zornotzan iraunkortasunaren eta jasangarritasunaren alde lan egiten duen Iraunkor Elkarteko kidea da. Dudagoitia auzoko Billena baserrian zaindu eta “kalitate oneneko txahal, auma zein behor haragia saltzen diet herriko edo inguruetako bezeroei”, azpimarratzen du.
-Zure baserriko abelburuen okela herriko eta inguruetako bezeroei bakarrik saltzen diezu. Zer dela eta?
-Okela loteak saltzen ditut eta inoiz aitak esan dit norbait kontratatzeko banaketa egiteko baina uste dut horrelako enpresa norberarena denean eta mimoz zaintzen duenean, askoz be aberasgarriagoa dala langileak edukitzea baino. Enpresaren aurpegia ni neu naiz. Nahiago dut hamar behi gutxiago eduki eta neuk aurpegia eman ahal izatea bezeroen aurrean.
-Beraz, gertutik gerturako salmenta egiten duzu, ezta?
-Bai. Bartzelonatik izan ditut eskariak baina esaten diet gertu izango dutela okela saltzen duen abeltzainen bat eta berari erosteko. Nahiago dut gertuko harremana eta gertutasun hori ezin dugu galdu. %100 inplikatzen naiz eta hori da lehenetsi dudana eginkizun honetan daramadan 9 edo 10 urtetan.
-Zure familia ez zen abeltzaintzatik bizi?
-Ni kalean bizi nintzen eta asteburuetan joaten nintzen baserrira baina beti esaten nuen baserrira joan nahi nuela. Baserrira bikotearekin etorri nintzenean ez zegoen ganadurik baina nire ilusioa gauzatzeko aukera eman zidan.
-Batez be, Billene baserrian hazitako txahal okela saltzen duzu. Zenbat abelburu dituzu?
-Txahalen okela saltzeaz gain, aumak eta behor okela ere saltzen ditut. Gutxi gora behera, Aranetako Asturiar arrazako 28 behi eta beste horren beste txahal, 24 ahuntz eta pare bat behor ditut.
-Iraunkor Elkarteko kidea zara ekimen horren hasiera-hasieratik.
-Ekoizpenarekin hasi nintzenetik nago elkartean. Iraunkor, bere izenak adierazten duen moduan, herriko baliabideak eta nekazal zein elikagai ekoizpena herritarrei helarazi nahi dizkie. Zeregin horretan, gertuko baliabideen bidez, kalitatezko produktuak saltzen ditugula erakutsi nahi dugu. Ni ekoizpen arloan sartuta nago batez be eta bertatik kontsumo talde baten murgilduta nago. Elkartetik tokiko ekoizpena eta kontsumoa bultzatzen dugu, tokiko garapen iraunkorra eta ekonomia zirkularra aktibatzeko, eta aldi berean paisaia emankor bat jorratzeko asmoa dugu.
-Makroetxaldeek proposatutako ereduaren kontra eta Garzon ministroak esandakoarekin ados egongo zara.
-Edozer gauza masifikatu egiten duzunean, kaosa dator. Momentuan etekinak atera ahal dituzu, baina epe luzera begira etekin horrek kontaminazioa, lan baldintza eskasak eta bestelako arazoak eragiten ditu. Gaur egun nagusitzen den sistema horren bidez etekina atera beharra da helburua, eta azkenean natura zein langileak beti dira galtzaileak.