
Elorrioko plazan izan badira Musikaire jaialdian orain arte egin diren agerraldiak, Lariz eta Casa Jara jauregietan izango dira asteburu honetako ekitaldiak. Gaur eta bihar doinu eklektikoak eskainiko dituzten Jorge Pardo eta Ba Cissoko musikarien txanda izango da eta domekan antzerkiak hartuko du protagonismoa.
Jorge Pardok gaur, gaueko 22:30ean, Lariz jauregian eskainiko duen agerraldian sustraidun jazzaren eta flamenkoaren arteko mestizajea gauzatuko du. Zeharkako txirula eta saxofoia erabilita, Pardo erreferentziako musikaria bilakatu da eta horren adierazgarri dira 2015ean eskuratutako Musiken Sari Nazionala edo 2013an jasotako Europako Jazz Musikari Onenaren Saria.
Agerraldian JoseMi Carmona gitarra-jotzailea, Bandolero perkusionista eta Pablo Baéz kontrabaxu jolea izango ditu taldekide.
Agertoki eta ordu berean izango da biharko agerraldia. Saioko protagonista izango den Ba Cissoko musikariak, Afrikako doinu tradizionalak jazzarekin, reggearekin, elektronikarekin, bluesarekin eta rockarekin biltzen ditu.
Ginean jaio eta gaur egun Marseillan bizi den Cissokok, mila urte dituen kora hari-instrumentu afrikarra, gitarra zein n’gonia jotzeaz gain abestu ere egiten du. Bere proposamenak mandinga-tradizioa, koraren akrobazia hipnotikoa, perkusio fresko eta itsaskorren sentsualitatea eta mandinga, wolof, fula edo frantsesezko hitzak hartzen ditu oinarri.
Ba Cissokorekin batera Ibrahima Kourou Kouyaté (baxua), Seny Conté (bateria eta perkusioak), Abdoulaye Kouyaté (gitarra) eta Karamoko Bangoura (kora) izango dira agertokian.
Mikroantzerkia
Hiru antzezlan laburrez osatuko da etzi, arratsaldeko 19:30ean hasita, Casa Jara jauregiko lorategian izango den Mikroantzerkia saioa. Josu Florentinoren zuzendaritzapean Irati Agirreazkuenagak eta Arantzazu Sanzek antzeztuko duten ‘Komunak’ piezak, aspalditik esaten dena hartzen du abiapuntu; neskak komunera binaka sartzean direla, alegia.
Sara Barroetak eta Braulio Cortések zuzendu eta Eneritz Garcíak eta Alfonso Díezek antzeztuko dute ‘Encuentro nocturno de la muerte y el olvido’ lana. Agerraldian, Herioak, espero izan gabe eta lehen aldiz, maitasuna aurkitzen duen unea islatzen du.
María Goiricelayak zuzendu eta Idoia Merodiok eta Adrián García de los Ojosek taularatuko duten ‘Estocolmo, Síndrome’ piezarekin osatuko da agerraldia. Antzezlanak, pertsona bati hariak gurutzatzen zaizkion unea hartzen du abiapuntu.