Datorren astean hasiko diren Gabon jaien giroan murgiltzeko helburuarekin, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Garain datozen egunetarako. Barikuan hasi eta martitzenera arte, Eguberriko ohiturak eta kantak, Baserriko Produktuen Azoka eta berritutako toponimiaren aurkezpena egingo dira.
Udalak prestatutako egitaraua baliatzeko, “datak aprobetxatu ditugu herriko jendea elkartzeko eta herritarrak elkar ikusteko”, Erramun Osa Garaiko alkatearen esanetan. Antolatutako ekimenak, 10. edizioa beteko duen Baserriko Produktuen Azoka eta Garaiko Toponimia Berrituaren aurkezpenaren inguruan egingo dira.
‘Eguberri on Garain’ egitaraua barikuan, 18:30ean, Felix Muguruzak udaletxean emango duen hitzaldiarekin abiatuko da. Solasaldi horretan, “onomastikan eta kontu zaharretan aditua den Muguruzak, Gabonak nola lotu ditugun euskaldunok eta garai bateko ohituren berri emango du”, Osak argitu duenez.
Zapatuan egingo den kantaldia Elizabarrin izango da 18:30ean. ‘Gabonzuri, Oles-aro!’ ekitaldian, Eguberri atariko euskal kanta sorta eskainiko dute Josune Martirena, Iosune Marín eta Joxan Goikoetxeak, bertaratzen direnen partaidetzarekin.
Durangaldeko ekoizleak
Domekan egingo den Baserriko Produktuen Azokan “Durangaldeko produktoreei eman diegu lehentasuna”, adierazi du Osak. Goizeko 11:00etatik aurrera egingo den ferian, honako postuak kokatuko dira: Garaiko Ana de la Maza eta Ibon Berriozabalgoitia (kontserbak eta garagardoa); Mallabiko Ruben Markina (behi gazta) eta Luis Mari Osa (ogia eta gozoak); Amorebieta-Etxanoko Billene Baserria (txahal okela), Unai Bilbao (txosna) eta Balentin Llona (eztia); Iurretako Monika Irazola (baserriko ogia); Elorrioko Delikatetxe (oilokiak); Mungiako Itxasne Agirre (ahatekiak); eta Otxandioko Lorena Costas (ahuntz gazta). Partaidetza, Arabako Anuntzetako Beltzitinarekin (mermelada ekologikoak) osatuko da.
Toponimia
‘Eguberri on Garain’ ekimena, Garaiko Toponimia Berrituaren inguruan egindako maparen aurkezpenarekin osatuko da. Martitzenean egingo den ekitaldia udaletxean izango da, 18:30ean hasita.
Berritutako toponimiarekin, izen aldaketekin sortzen diren arazoak saihestu nahi dira. “Nire kezketako bat zan jendeak baserriak erosi eta eraberritzen dituela, eta batzuetan izenak bidean galtzen direla. Egoera horrek beste problema bat eragiten du: larrialdietako zerbitzuak arazoak izaten dituztela baserri batera joaterakoan, eta egin den maparen bitartez, modu bizkor baten gerturatu ahal izango dira”, Osak azpimarratu duenez.
Toponimia lana gauzatzeko, beka baten deialdia egin zuen Garaiko Udalak, eta irabazlea izan den Jon Ander Ramos arduratu da tokiko izenak berreskuratzeko lanaz.