
Irailaren 5tik 13ra bitartean Elorrion ospatuko diren 2020ko Ferixa Nausikoak iragarriko dituen kartel lehiaketaren epea luzatzea erabaki du Elorrioko Udalak. Proposamenak aurkeztu nahi dituzten artistak ekainaren 30era arteko epea izango dute.
Hasierako oinarrien arabera maiatzaren 29an amaitzen zen kartelak aurkezteko epea, baina osasun larrialdia dela eta epea luzatzea erabaki dute. Lehiaketaren irabazleak 500 euroko saria eskuratuko du.
Aurtengo jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko sistema aurreko edizioetan erabilitako berdina erabiliko da; hau da, herritarrek botoa emango dute Iturri Kultur Etxean ipiniko den erakusketan eta udaletxeko, jai-batzordeko kideek eta arte grafikoetako profesionalek osatutako epaimahai teknikoa ere egongo da.