2020ko Ferixa Nausiko jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko deialdia egin du Elorrioko Udalak eta aurten ere 500 euroko saria eskuratuko du irabazleak. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 29an amaitzen da eta irabazlea herritarren botoekin eta epaimahai teknikoaren erabakiarekin aukeratuko da.
Lehiaketara nahi duten sortzaileek aurkeztu daitezke eta partaide bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahal izango ditu, baldin eta kartelok beste lehiaketa batean sarituak izan ez badira.
Kartelaren neurriak 70x50ekoak izan behar dira eta bertan, derrigorrez, ‘Ferixa Nausikoak 2020 –Elorrio– irailak 5–13’ testua agertu behar da.
Kartelak luma-paperean aurkeztu behar dira baita photoshop programarekin bateragarria den formatu digitalean ere. Lanak Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegora eraman behar dira eta entregatzeko epea maiatzaren 29ko 14:00etan amaitzen da.
Aurten ere herri epaimahaiak eta epaimahai teknikoak aukeratuko dute lan irabazlea. Aurkeztutako lan guztiak Iturri Kultur Etxeko sarreran egongo dira ikusgai ekainaren 2tik 15era bitartean eta bertaratzen diren herritarrek botoa emateko aukera izango dute. Epaimahai teknikoa berriz, Udaleko eta jai batzordeko kideek eta arte grafikoetako profesionalek osatuko dute.
Lehiaketan ez dira onartuko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen artikuluak betetzen ez dituzten lanak.
Irabazlearen izena ekainaren 22an emango da ezagutzera www.elorrio.eus web orrian.
Informazio gehiago nahi duenak Iturri Kultur Etxeko telefonoan (946 032 032) edo emailean (iturri@elorrio.eus) eskatu dezake.