Azaroaren 18tik abenduaren 2ra burutuko den Euskaraldiaren hirugarren ediziorako azken prestaketekin ari dira Euskal Herria osoan, baita eskualdeko herrietan ere. Durangon eta Zornotzan, esaterako, lokala ireki dute eta txapa banaketari ekin diote, hurrenez hurren.
Durangoko lokala Zumalakarregi kaleko 2.ean dago (Ezkurdin) eta eguenean egindako inaugurazio ekitaldian Euskaraldiaren aurkezpena egin zuten, musikaz eta luntxarekin lagunduta.
Lokala, eguenetan, azaroaren 3an eta 10ean (18:00etatik 20: 00etara), eta zapatu eta domeketan, azaroaren 5ean, 6an, 12an eta 13an (12:30etik 14:30era) irekita egongo da. Azaroaren 14tik 18ra, egunero zabalik egongo da 11: 30etatik 13: 30etara eta 18: 00etatik 20:00etara.
Txapak Durangon eta Zornotzan
Euskaraldian izena eman duten Ahobizi eta Belarriprestek, agerian izango dituzten txapen bidez adieraziko dute aukeratutako rola. Izena emateko epera irekita dago, baina aurreko urteetan izena eman zutenek, parte hartzea berretsi baino ez dute egin beharko, Euskaraldiaren webgunean sartuta edo posta elektronikoan jasotako mezuen bidez.
Txapen banaketa azaroaren 10ean hasiko dute Durangon, Zumalakarregiko lokalean. Zornotzan berriz, eskuragai dituzte dagoeneko, Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) 7:30etik 15:00etara, eta Zelaieta zentroan 8:30etik 21:30era.
Izen ematea zabalik
Oraindik izena eman ez dutenek Euskaraldiaren webgunearen bidez egin dezakete.
Halaber, aurreko edizioan Arigune gisa izena eman zuten elkarte, entitate eta establezimenduek ere badute oraindik izena emateko aukera. Horiek horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak deialdi berezia egin nahi die herriko denda, taberna eta elkarteei, Euskaraldian izena eman dezaten eta euren establezimendua Arigune gisa identifika dezaten. Entitateen izen-ematea loturaren honen bidez egin behar da.