
Durangaldeak ordezkaritza zabala izango du 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Guztira 15 bertsolarik parte hartzeko aukera izango dute, nahiz eta 10 partaidek maiatzean jokatuko den ‘Udabarria Bertsotan’ sailkapen fasean lortu beharko duten bertan egoteko txartela.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2023 udazkenean jokatuko da, baina aurretik ‘Udabarria Bertsotan’ sailkapen faseko zortzi ekitaldi jokatuko dira maiatzaren 4tik 25era, 45 partaiderekin.
Sailkapen fase horretan aritu beharko dira eskualdeko 10 bertsolari: Igor Galarza eta Bittor Altube abadiñarrak; Ander Sarriugarte, Bittor Salterain eta Ander Elorriaga durangarrak; Irune Basagoiti ermuarra; Iruri Altzerreka garaitarra; Araitz Katarain mallabitarra; Garikoitz Sarriugarte zaldibartarra; eta Ander Aldazabal zornotzarra.
Saio bat Plateruenan
‘Udaberria Bertsotan’ fasean zortzi saio jokatuko dira eta bakarra izango da eskualdean, maiatzaren 4an Durangoko Plateruenan jokatuko dena hain zuzen. Gainontzekoak, Urdulizen, Diman, Muxikan, Aulestin, Sopelan, Busturian eta Zallan izango dira
Udazkenean hasiko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketan 36 lagunek parte hartuko dute. Lehenengo, sei kanporaketa jokatuko dira, eta bertan maiatzeko fasean txartela lortu dutenez gain 2018ko finalistak eta 2021eko final aurrekoeta izandako bertsolariak lehiatuko dira. Miren Amuriza berriztarrak, Eneko Abasolo ‘Abarkas’ iurretarrak eta Txaber Altube abadiñarrak fase honetan lehiatzen hasteko eskubidea dute.
Ondoren, 18 bertsolariren partaidetza izango duten hiru finalaurrekoak jokatuko dira. Fase honetan, 2021eko finalistak lehiatuko direnez, Aitor Bizkarra abadiñarra eta Gorka Pagonabarraga durangarra bertan lehiatzeko eskubidea izango dute.
Finala, Bilboko Miribilla auzoan dagoen Bilbao Arenan jokatuko da abenduaren 16an, eta bertan zortzi partaide izango dira txapela janzteko helburuarekin.