Elorrion ‘Hel Horri’ goiburuarekin egin behar zen 2020ko Ibilaldia ez da aurten ospatuko. Bizkaiko ikastolen jaia zein gainontzekoak bertan behera uztea erabaki du Ikastolen Elkarteak.
Gaur arratsaldean Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakariak Twitter bidez zabaldutako txioan dioenez “aurten ikastolen jai guztiak bertan behera uzteko erabakia hartu dugu”.
Elorrion egin behar zen Ibilaldia maiatzaren 31rako iragarrita zegoen hasieran, baina Covid-19aren izurritea zela eta urriaren 18ra atzeratzea erabaki zuten.
Egun horretarako iragarrita zegoen hasieran Nafarroa Oinez egitea, baina Lizarrako ikastolak atzera egin zuenez, Ibilaldia zein Araban Euskaraz egun horretan egitea erabaki zuten. Azkenean, Ikastolen jai guztiak bertan behera uztea erabaki du Ikastolen Elkarteak.
Hala ere, “Euskal Herri osoari eskaintzeko ekitaldi handi bat prestatzeko aukera aztertzen ari gara”, adierazi du Tellituk.