
Elorrioko Udalak Gizarte zerbitzuetarako bideratuko dituen bulego berriak ireki ditu aste honetan eta hemendik aurrera udaletxeko solairuartekoan egongo dira Gizarte langilea eta Berdintasun teknikaria.
Herritarrei zerbitzu hobeagoa emateko asmoz, Elorrioko Udalak Gizarte zerbitzuak berrantolatu ditu eta udaletxean berregokitutako solairuartekoan jarriko ditu Gizarte langilearentzat eta Berdintasun teknikariarentzat espresuki diseinatutako bulegoak.
Izan ere, bulego berriak intsonorizatuta daude sail hauetan kudeatu daitezkeen gaiak pribatutasun osoz landu ahal izateko.
Bi bulegoak inguru berean izateak hainbat onura ekarriko ditu eta bi arloek udal barruan duten garrantzia sendotzeko balioko dute.
Idoia Buruaga alkatearen esanetan “parekidetasuna zeharka landu beharreko gai bat dela uste dugu gobernu taldetik, beraz kokapen berri hau bide honetan aurrera egiteko pausu bat gehiago da”. Gizarte langilearen bulegoak berriz “udaletxeko egunerokotasunean txertatzea” ahalbidetuko du.
“Hasiera batetik, bi langileen iritziak kontuan hartu ditugu, eta ahal izan dugun heinean espazioa beren beharrizanetara egokitzen saiatu gara. Oraindik ere lan handia egiteko dugun arren, gizarte arloaren garrantzia indartu nahi dugu Udal honen dinamikan”, gaineratu du.
Orain arte, udaletxeko azken solairuan zegoen kokatuta Berdintasun teknikariaren bulegoa eta irisgarritasun arazoak zituzten herritarrek oztopoak zituzten bertara heltzeko.
Gizarte langilea berriz, Udaltzaingoaren Buzkantz kaleko bulegoan aritu da lanean orain arte, baina egoitza horrek ez zituzten gizarte langilea eta herritarren beharrak asetzen.
Bi bulegoak udaletxeko solairuartekoan jartzeko obrek 31.000 euroko aurrekontua izan dute.