2022-2023 ikasturte berria hastear dela eta, Durango Udaleko ordezkariek, Udal Euskaltegietako, Hizkuntza Eskola Ofizialeko eta AEK-ko arduradunekin batera, herritarrak euskara ikastera animatu dituzte. Horretarako, zentro horiek eskaintzen dituzten aukera ezberdinak ezagutzeko eta horietakoren bat aukeratzera animatzen dituzte.
Udal Euskaltegia
Udal Euskaltegiak matrikula epea irail osoan izango da zabalik, eta aurrez aurreko, autoikasketako edo online formatuak aukeratzeaz gain, gurasoei, jubilatuei, mintzamena lantzeko taldeak edo bestelako ikasleei zuzendutako eskaintza izango du. Astean sei, bost eta lau orduko edota autoikasketarako moduluak eskainiko dira, eta modulu guztietan eskaintza aurrez aurrekoa bada ere, online egiteko aukera ere badago.
A1 eta A2 agiriak Udal Euskaltegian lortzeko aukera dago, eta B1, B2 edota C1 agiriak lortzeko ikastaroak eskaintzen dira.
Udal euskaltegiari buruzko informazioa www.durangoeuskaltegia.net web orri berrian eskuratu daiteke.
Hizkuntza Eskola Ofiziala
Hizkuntza Eskola Ofizialeko matrikulazio epea irailaren 30era arte egongo da irekita eta, handik aurrera, plazak bete arte urtarrilaren 31ra arte. A1, A2, B1, B2 (B2.1- B2.2) eta C1 mailetako eskolak eskaintzen dira eta maila horietako titulu ofiziala lortzeko aukera egongo da. Matrikula online egin beharko da https://eoidurangoheo.hezkuntza.net loturan.
Eskolak irailaren 26an hasiko dira, eta modalitate ezberdinak daude: presentziala (astean birritan eskolara joanda) eta erdipresentziala (eskolara astean behin joanda).
AEK
AEK-ko matrikulazio epea irailean zehar irekita egongo da, eta horretarako Euskaltegiko bulegoa astelehenetik eguenera martxan dago (9:30-13:00 eta 16:30-19:00).
AEKk maila guztietarako aurrez aurreko ikastaroak eskaintzen ditu goizez zein arratsaldez, astean bi egunetan, egun bakoitzeko hiru orduz. A1, A2 eta B1 mailetako ikastaroetarako eskaintza berria ere bada: astean hiru egunetan, 3 orduko bi saio eta ordu eta erdiko bat. Gainera, etxetik euskara ikasteko autoikaskuntza metodoa eskaintzen du AEKk.
Zentro desberdinetako ikasleek, Berbalagun ekimenean parte hartzeko aukera izango dute.
“Euskaraz bizitzera edo euskarazko ezagutza maila ezberdinak izatera gonbidatu nahi ditugu durangarrak, ahalik eta Durango euskaldunena izateko helburuarekin”, adierazi dute Neskutz Rodriguez eta Juanan Bueno zinegotziek.