Berrizko Udaleko Berdintasun Arloa, Berrizko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planaren ebaluazioa egiten hasi zen astelehenean, prozesu parte hartzaile baten bidez. Bigarren saioa datorren astelehenean egingo da, hilak 26an, eta hirugarrena urrian.
Lehenengo saioan azken urteetan eman diren aldaketa eta ekintzak identifikatu eta berdintasunari dagokionean, udalerria non dagoen ezagutzeko aukera egon bazen, datorren asteleheneko lan-saioan “berdintasunerantz urratsak emateko eta Berriz feministagoa egiteko” lanketa egingo dute partaideek.
Berrizko Kultur Etxean egongo den bigarren bilera hori 16:30etik 18:30era egingo da eta kolektiboen zein herritarren nahiak eta eskakizunak jasoko dira.
Urrian egingo den azken saioan, prozesu parte hartzaile honen emaitzak azalduko dira, aldaketarako lehentasunak zehazteko eta ekintza zehatzak jasotzeko asmoz.
Parte hartze saioetarako haurtzaindegi eta zaintza zerbitzua eskainiko da. Horretarako, aldez aurretik jakinarazi beharko da berdintasuna@berriz.eus edo 946824525 telefono zenbakian.