
Durangaldeko eskolak bertoko eta sasoiko produktuak kozinatzearen aldeko eskariari eusten diote eta horren harira, plantoa egingo diote catering zerbitzuari datorren astean Atxondoko jantokian.
Atxondoko eskolako gurasoak umeak astebetez jantokitik ateratzea erabaki dute eta, denbora horretan, “eskolako jantokia hutsik egongo da. Gurasoak jai hartu dute eta txandaka umeak zaindu, janaria prestatu eta bazkaltzen emango diete”, Berton Bertokoa ekimenko kideen esanetan.
Plantoa gauzatzeko, herriko jatetxeen eta elkarte ezberdinen laguntza ere izango dute eta Atxondoko eskolako ikasleak bertako eta sasoiko produktuekin bazkalduko dute.
Ekimen hau Durangaldeko beste lau eskolekin batera garatzen ari den aldarrikapenaren inguruan kokaktzen. Atxondoko eskolaz gain, Durangoko Zabalarrako eskolak, Zaldibarko eskolak eta Iurretako Juan Orobigoitia institutuak ere sukaldea bertan izatea eskatzen dute eta, albait arinen ipintzeko, bilera eskatu diote Hezkuntza sailari.
Dastaketa
Tartean, ekimen desberdinak egingo dituzte eskualdeko ikastetxeetan, lehena gaur bertan Iurretako Maiztegi eskolan. Arratsaldeko 16:30etatik aurrera bertoko ekoizleen produktuen dastaketa egingo dute.
Durangoko Zabalarrako eskolan eta Abadiñoko eskoletan berriz, bertoko produktuekin egindako meriendak eskainiko dituzte maiatzaren 29an. Zaldibarren ere ekimen berdina egingo dute datorren astean.