Durangaldeko Eixu elkarteko kideek, Artisau eta Sortzaileen Azoka egingo dute Durangoko Andra Mari elizpean abenduaren 7tik 11ra. Bertan jarriko diren standak goizeko 11:00etatik gaueko 21:00etara bistatu ahal izango dira, abenduaren 10ean izan ezik egun horretako ordutegia, zapatuetako baserritarren azoka dela eta, 14:30etik 21:00era izango baita.
Elkarteko kideek egindako sorkuntza eta artisau lanak Durangora hurreratuko dituzte, bertaratzen diren “kulturzaleen esku jartzera”, Eixukoen esanetan.
Guztira 21 artisau eta sortzaile izango badira azokak iraungo dituen bost egunetan zehar, egun bakoitzean 16 postu jarriko dira. Izan ere, 11 postu egun guztietan egongo dira, eta gainontzeko 10ak, 5eko bi taldetan bananduko dira. Hasierako hiru egunetan 5 artisau/sortzaile eta azken bi egunetan gainontzekoak.
Eixuko kideek “ilusio handiz” hartzen duten Azoka da Andra Marin egingo dena, beraientzat “eskaparate bikaina baita leku askotatik etorritako kulturzaleak” bertan bilduko direlako.
Izan ere, “kultura modu askotara egiten dela sinisten dugulako, gure lanak garaietara egokitutako kalitatezko sorkuntza eta artisau lanak direlako, guk geuk ere geure Kultura stanDA propioan sinisten dugu eta zuekin guztiokin partekatu nahi dugu”. Horregatik, postuak bisitatzera gonbidatzeaz gain, beraien lanekin gozatzera animatzen dute.