Iurretako Zaldai Mendi Taldeak Mendi Erronkaren edizio berri bat antolatu du, eta urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean Euskal Herriko eta Pirinioetako 30 mendi-gailurretara igotzeko proposamena egin du. Aurreko edizioetan egin den bezala, 2023koak adinaren araberako gutxieneko tontor kopurua ezartzen du.
Zaldai Mendi Erronka 2023 ekimena taldeko bazkideei zein elkarteko kideak ez diren mendizaleei irekita dago. Izan ere, antolatzaileen helburua, “lehiaketaz haratago, mendizaletasuna bultzatzera eta, bide batez, Euskal Herriko eta Pirinioetako mendi desberdinak ezagutzea” da.
Adin guztietako
Zaldaik adin guztietako mendizaleak gonbidatuta daude parte hartzera eta adin tarte bakoitzerako erronka bat jarri du. 0 eta 10 urte arteko haurrek, gutxienez hiru herrialdetako bost mendi igo beharko dituzte, baina antolatzaileek emandako zerrendatik kanpoko Euskal Herriko ‘buzoidun’ beste edozein mendik ere balioko du.
10 eta 18 urte arteko mendizaleek, gutxienez hiru herrialdetako bost gailur igo beharko dituzte, eta 18 urtetik gorakoek, gutxienez bost herrialdetako 10 mendira igo beharko dira.
Erronkan parte hartzeko beharrezkoa da www.zaldaimenditaldea.org web gunean dagoen galdetegian izena ematea. Gainera, igotako mendietako argazkiak sare sozialen bidez zabaltzea eskertzen dute, #ZaldaiMendiErronka23 traola erabilita. “Behin erronka bukatua, e-mail bat bidaliko behar da zaldai@hotmail.com helbidera, erronkan parte hartu dutenen izen-abizenak, herria eta telefono bat gehituta, mendi argazki guztiekin batera”, antolatzaileek gogoratu dutenez.
Erronka bukatzen duten guztiek sari bat jasoko dute 2024ko urtarrilean ospatuko den VII. Mendi Astearen barruan.
2023ko Erronkarako aukeratutako mendiak:
Araba: Surbe-atauko atza (1.155 metro), Imeleku (1.318 m), Peña del león (1.369 m.), Naparbasoko punta (1.224), Kapildui (1.177 m).
Bizkaia: Bizkargi (564 m), Errialtabaso (1.108 m) Pico de la cruz (803 m), Gatzarrieta (1.177 m), Serantes (451 m).
Gipuzkoa: Zabalaitz (1.264), Uzturre (730 m), Artubi (1.262 m), Egoarbitza (730 m), Kakueta 924 m).
Nafarroa: Pallardi (1.290 m), Kopakarri (601 m), Erga (1. 094 m), Jurramendi (1.044 m), Esparatz (1.015 m).
Iparralde: Barazea-xardekagaina (1.893 m), Errozate (1.345 m), Haltzamendi (813 m), Atzulegi (584 m), Bizkailuze (704 m).
Pirinioak: Billare (2.318 m), Chipeta (2.175 m), Foratata (2.341 m), Besiberri (3. 015 m), Montardo (2.833 m).