
The Skatalites talde jamaikarrak gaur eskainiko duen kontzertuarekin hasiko da Elorrion 2017ko Musikaire jaialdia. Edizio hau aurrekoak baino laburragoa izango da eta guztira hamaika ekitaldi iragartzen dira. Asteburu honetako bi agerraldiek Herriko plazan izango dira gaueko 22:30etatik aurrera.
Agertokian gaur azalduko den The Skatalites talde beteranoa 1964 urtean sortu zen, bere ibilbidean hainbat partaideen aldaketa izan badira ere. Hala ere, hasierako joerari eutsi diote, ska estiloari alegia, bertan musika afrokubatar, jazz, rythm and blues, mento eta calypsoaren eragina nabarmentzen dela.
Ska trinko eta jazz erakoekin batera, doinu alai eta dantzagarriagoak tartekatzen ditu taldeak, betiere dardara eragiten dituzten erritmoekin batera. Jamaikarrek zoragarri lortzen dute entzuleriaren gozamena, beraien soinu bikain eta himno ezagunak baliatutaz.
Hasieratik kidea den Doreen Shaffer abeslariarekin batera, Brian Atkinson (baxua), Natty Fenchie (gitarra), Travis (trompeta), Sparrow (bateria), Ken Stewart (teklatuak), Vin Gordon (tronboia) eta Zem-ek (saxoa) osatzen dute gaur egungo taldea.
Gospel eta blues
Lehen asteburuko agerraldiak, Shaun Booker abeslariak bihar gerturatuko dituen gospel eta blues doinuekin emango duen kontzertuarekin osatuko da. Bookerrek Mississippiko sustraiak dituen abeslari afroamerikarra da eta bere ahots indartsu eta boteretsuaren bidez erraz beregantzatzen du entzuleen arreta.
Hiru hamarkadako ibilbidean bluesaren, jazzaren eta munduko musiken eraginak bereganatu dituen abeslariak ‘Kings of Beale Street’ saria jaso zuen Memphisen. Bere izaera kartsu, sutsu eta guztiz zirraragarriagatik, hasierako Tina Turnerrenarekin aldera daiteke.