Abadiñoko Udalak sokatira hizpide izango duen horma-irudia eskatu dio Wallart Mural Painting-eko euskal artistari, Astola auzoko pasabide degradatu bati bizia eman eta berreskuratzeko asmoz. Arte lanak 50 metro luze eta 4,5 metro altuera izango du eta Aaron Diego Escauriaza gauzatuko du.
Wallarteko artistak esku hartze urbanoko beste lan batzuk egin ditu eskualdean, eta oraingo hau, Abadiñoko Trana-Matiena eta Zelaieta auzoak lotzen dituen errepidean dagoen horman margoztuko du.
“Hiri-paisaian sokatirako, Abadiñon errotuta dagoen kiroleko, talde misto baten irudia txertatuko dugu. Seguruenik, udalerriko erreferentzia-puntu berri bat izango da”, azaldu du Mikel Garaizabal alkateak.
Horma-irudi berria egiteko, artista bilbotarra joan den astean hasi zen horma prestatzen, zigilagailuak eta pintura akrilikoa aplikatuz hondoa egokitzeko. Horrela, azalera margotzen hasteko prest geratzen da, hormaren iraunkortasuna eta kalitate handiko akabera bermatuz.