
Elorrioko Udalak antolatzen duen Emakume Eskolaren barne ‘Sexualitate desberdinak ulertzeko ikastaroa’ antolatu dute eta apirilaren 18an hasi eta maiatzaren 10ean amaituko den ekimena lau hitzaldiz osatuko da. Prestatutako saioetan “sexualitate buruzko diskurtso berriei, praktikei, ikuspegi kritikoei eta mugimendu sozialei buruz” hitz egingo da.
Ekimena hau lau adituk emandako lau hitzaldiz osatuko bada ere ez dira hitzaldi solteak izango baizik eta “ikastaro baten barruan” sailkatutako hitzaldi zikloa, eskolako arduradunen arabera. Prestatutako saioetan “sexualitate ezberdinak ulertzeko modu, praktika, diskurtso edota ikuspuntu kritikoak landuko dira.
‘SexualitateaK: ereduak, desioak, gorputzak… eta +’ deituriko hitzaldiarekin hasiko dira ekialdiak apirilaren 18an. Saioko hizlaria Eider Goiburu izango da eta ekitaldia euskaraz eta erdaraz izango da. Goiburu psikologian doktoratua izateaz gain sexu hezitzailea, berdintasun teknikaria, Lahia-Nahia Elkarteko kide eta AbadiñoSex-eko arduraduna da.
‘Maitasunaren ipuina: maitasun erromantikoa desmuntatzen’ izango da Irantzu Varela kazetariak apirilaren 26an emango duen bigarren hitzaldiaren izenburua. Varela ikasketarako, sormenerako eta ekintza feministarako Faktoria Lila espazioaren arduraduna da.
Bost euroko inskripzioa
‘Sexu-genero metamorfosiak artearen bidez eta transgenero teoriak’ izango da hizpide Ainhoa Güemesek maiatzaren 3an eskainiko duen hirugarren solasaldian. Eguneko hizlaria Arte Ederretan doktoratua, kazetaria eta Berdintasun teknikaria da.
‘Lesbofobiari aurre egin’ deituriko hitzaldiarekin amaituko dira ekitaldiak maiatzaren 10ean. Azken saioko hizlaria soziologoa, psikologoa eta sexu eta genero-arretarako Aldarte Zentroko zuzendaria den Inmaculada Mujika izango da.
Saio guztiak Iturri Kultur Etxean izango dira, arratsaldeko seietatik iluntzeko zortziak bitartean eta partaide bakoitzak, bere inskripzioa onartu ondoren, bost euro ordaindu beharko ditu.
Apirilaren 13a aurretik egin behar da izen-ematea, Elorrioko udaletxean dagoen Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ), genero.teknikaria@elorrio.net posta elektronikoaren bidez, edo Udalaren webgunean dagoen izen-emate orria inprimatu, bete eta Berdintasun Zerbitzura postaz bidaliz.