
Elorrioko Musikaire jaialdiak Tola jauregiko lorategian eskainiko dituen hiru agerraldiekin amaituko da. Agertokian, Ruper Ordorika, jazza eta flamenkoa uztartzen dituen Antonio Lizana andaluziarra eta, besteak beste, Iñaki Salvador eta Garikoitz Mendizabal musikariak biltzen dituen Khami proiektua azalduko dira.
Musikaireren azken asteburuko ekitaldiak Ruper Ordorikak gaur eskainiko duen saioarekin hasiko dira. Alboan izango dituen Arkaitz Miner (gitarra, mandolina eta bibolina), Fernando ‘Lutxo’ Neira (baxua eta kontrabaxua) eta Hasier Oleaga (bateria) musikariekin batera, ‘Guria ostatua’ azken diskoko kantak zein bere errepertorio zabaleko abestiak eskainiko ditu.
Musikari oñatiarrak goreneko mailan jarri du euskal musikagintza, tinbre bereziko ahotzaz zein berak idatzitako kantuekin edo Bernardo Atxagak eta Joseba Sarrionandiak idatzitako testuekin baliatuta.
Flamenkoaren inspirazioa gidatuta eta jazzaren bitartez bidaiatzen duen Antonio Lizana saxofonista eta abeslaria izango da biharko protagonista. Bere ikasketak Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian (Musikene) amaitu zituen musikari cadiztarrak, etengabe dabil saxorako flamenko-aukera berriak bilatzen.
Epi Pacheco (perkusioak), Vincent Thomas (bateria), Marcos Salcines (piano) eta Tana Santana (baxua) musikariekin batera, fusio-formulan oinarritutako ikuskizun sutsua eta indartsua eskaintzen du.
Euskal Herriko agertokietan ezagunak diren Iñaki Salvador pianista eta Garikoitz Mendizabal txistulari eta albokariarekin batera, Carlos Segi bateria-jotzailea, Kike Arza kontrabaxu-jotzailea, Luis Giménez gitarrista eta Iraide Ansorena perkusiolaria batzen dituen ‘Khami’ proiektuarekin amaituko da aurtengo Musikaire.
Seikoteak euskal kultura herrikoiaren aztarna berezko eta sustraituenetan bilaketa lana egin du eta muga geografiko zein denborazkoekin jolastuz, soinu berezkoa eta mestizoa eskaintzen dute.