Durangoko Frai Juan de Zumarraga Institutuak Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista ezagunaren hitzaldia antolatu du gaur arratsalderako. ‘Herri-ortuak’ ardatz izango dituen berbaldia ikastetxean bertan izango da arratsaldeko 17:30ean hasita, eta irekita dago guraso, irakasle eta ikasle-ohi eta Durangaldeko herritarrei.
Ordu bete eta erdi iraungo duen hitzaldia, ikasleen bokazio zientifiko-teknologikoa bultzatzeko helburua duen STEAM-erronka (Science/Zientzia; Technology/Teknologia; Engineering /Ingeniaritza; Arts/Humanitateak; Maths/Matematika) ekimenaren barruan kokatuta dago. Izan ere, ikasturte honetan ‘Herri-ortuak eta elikadura burujabetza’ lantzen ari dira ikasleak.
Ekimenaren abiapuntua “Institutuko dbh12-ko eraikinean, joan zen urtetik gehiago, martxan dugun teilatu berdea izan da”, ekimena bultzatu duten irakasleen esanetan.
Izan ere, dbh-ko ikasleekin batera, teilatua “herri-ortu eta herri-lorategi bihurtu genuen, eta martxan dugun herri-ortu hori ikasleen ikasgela, laborategi, hausnar egiteko toki bihurtu gura dugu, hala, zientzia, teknologia, matematika, ingeniaritza, eta humanitateak lantzeko labe propioa eta orijinala esku artean izango dugularik”.
Aurreko urteko STEAM erronketan landutako gaiak honakoak izan dira: ‘Robotika (2017-2018 ikasturte-arte), ‘Inguruko erreken uren analisia eta uraren egoera eta erabileraren azterketa’ (2018-2019 ikasturtean), ‘Teknologia Prozesuen Eguneratzea – 3D inpresioa’ (2019-2020an), ‘Aisialdiaren Kudeaketa’ (2020-2021ean) eta ‘Eraikuntza jasangarriak’ (2021-2022an).